Liburu aurrerapena

Arma, tiro, bammm!

Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948) datorren astean aurkeztuko du 'Arma, tiro, bammm!' nobela (Elkar). Hari bi batzen dira nobela berean: batetik, Bereibarko familia bat (Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegiazko herria), bizibidez eskopeta-lantegi bat daukana; bestetik, Baladal Xams-eko (Ekialde Hurbileko balizko herrialdea) beste familia bat, gerra ahaztu baten ondorioak nozitu beharko dituena; modu paraleloan kontatzen zaizkigu batzuen nahiz besteen pozak eta nekeak, eguneroko kontu xeheak eta Historia markatzen duten gertakari handiak, XX. mendeko bigarren erdian hasi eta gaur arte.

2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bedaibar, Beda ibaiaren ibarrean kokatua dagoen herrietako bat da: Armaibar ere deitzen diote batzuek, hain egon izan da herriko ekonomia arma-ekoizpenari lotua. Aspaldidanik.

Beste bedaibartar batzuek lez, armagin-kastakoak dira osatarrak: haiek —mundu guztiak bezala— bereizgarri eta berezkotasun dute ibilitako bidea, eskopetak ekoiztetik minak eta granadak ekoizterainokoa.

Bide hartan barrena, hiru gizon erabakigarri: Dionixio Osa, aita; Pedro Osa, semea, eta Eduardo, biloba.

Haien artetik, Pedrori egokitu zitzaion jauzi kualitatibo hura egitea, lantegi zaharra saldu eta berri bati ekiten ziola, beste filosofia eta beste jokamolde bat oinarri. Pedro, izan ere, enpresa-ikasketak zituèn gizona zen, ideia bakarra zuena: aitagandik jaso zuèn negozioa handitzea. Gero, lantegi berriaren obrak amaitu eta hari izena emateko, berak hautatutako balizko hamar izenen artean —EXPLOSA, EXPLOSOSA… OSAEXP…—, EXPOSA aukeratu zuen, enpresari askoren ohiturari jarraituz izen luzeago baten laburdura ere bazena: EXPLOSIVOS OSA.

* * *

Kostatu zitzaion Abdul Alim Abdallahri traktorea erostea! Abdul Alimek, izan ere, etxekoen belaunaldiz benauldiko tradizio luzearen zama zeraman bere gainean, berezko erresistentzia psikiko bat sorrarazi eta zuhur izatera bultzatzen zuena. Zergatik erosi tramankulu hura, eta zertarako aldatu etxeko martxa, gauzak zoragarri bazihoazkion…? Wadi Abyad-eko familiarik aberatsenaren burua zen —Wadi Abyadek seiehun bat biztanle zituèn garaian—, herriko lurrik onenak zituena eta kadi-arekin eta meskitako imanarekin ezin hobeki moldatzen zena, baita guztien buruen burutzat zuèn probintziako xeik-arekin ere; emazte aparta zuen —Zahra Ahmed—, eta hiru seme-alaba —Moshen, Omar eta Raissa—, zein baino zein arduratsuagoak; berarekin zituen, halaber, hiru solairuko etxean, bere anaietarik bi, ezkongabeak: Ubayd, langile fin bezain porrokatua, eta Tayyeb, ahots bikaineko kontalari aparta, denborarekin bi kargu hartuko zituena bere gain: Wadi Abyadeko meskitako muezina eta madrasako maisuaren laguntzailea; Abdul Alimek, gainera, lau morroi zituen, zortzira ere iristen zirenak, bilketa garaian…

Gizonak, egia erran, nekez erosiko zuen traktorea, eskualdeko xeikari bisita egin ez balio, bizpahiru hilabete lehenago.

Bisita haiek ez ziren ohikoak izaten, xeikak eta Abdul Alimek, harremanak gauzatzeko orduan, mezulariak erabiltzen baitzituzten bitarteko, baina hara: egun haietarik batean xeikak Abdul Alim bere jauregira pertsonalki gonbidatu —zetorrenarengandik etorrita, agindutzat ere har zitekeen gongidapen hura—, eta harantz abiatu zen gizona, bi morroi harturik.

Abdul Alim kezkatuta zihoan, alde batetik; ohoratua sentitzen zen, bertzetik.

Haren kezka ulertzeko, baina, ulertu beharra dago, orobat, zer esparru geografikotan bizi zen Abdul Alim: lurralde hark ez zuela, alegia, Britainia Handiak eta Frantziak —eta Mendebaldeak, oro har— mapetan marraztutako marra artifizialen arabera funtzionatzen. Beti ez bederen. Muga horien inguruan, izan ere, badira tribuak eta leinuak, estatuen marren gainetik egiten dutenak, orain alde batera eta orain bertzera, estatuen errealitatearen azpian bertze errealitate bat balego bezala, biztanleen mendeetako ohiturei lotua. Bi errealitate horien talkaren ondorioz, beraz, tentsio-iturri ohi da ingurumari hori, arabiar herrialde ez gutitan.

Balad al Xams-en berdin.

Wadiabyadarren memoria kolektiboan, kontakizun errealen nahiz ipuin-itxura batzuen moldepean, jasoak daude, konparazio batera, leinuen eta xeiken arteko borrokak eta gerraldiak, iraupen laburrekoak anitzetan, baina baita luzeak ere, noizean behin. Urrunera joan gabe, abdallahtarrek behin baino gehiagotan hartu zuten parte borroka haietan —beren leinukoen alde, jakina—, harik eta, berrehun bat urte lehenago, beren izaera nomadari uko eginda, Wadi Abyad izeneko herria sortzea eta bertan finkatzea erabaki zuten arte.

Guztiaz ere, bazirudien, hondar bolada hartan, leinuen arteko egonkortasun sendo bat nagusitu zela muga haren inguruko lurralde osoaz… berrogei urteko bakealdia ez baitzen, zinez, ahuntzaren gauerdiko eztula! Abdul Alimek —1340an ( *)jaio, eta berrogei urte zituen, bidaia hura egin zuenean— liskar bakarra oroitzen zuen bederen, laino batean bezala oroitu ere, artean hiru urteko haur bat zelako.

Iritsi zen, bada, Abdul Alim xeikaren etxera; hartu zuen xeikak…

Jakin bazekien Abdul Alimek xeikak lau emazte zituela —xeikaren adinekoa lehena, eta gazteagoak bertzeak— eta hamahiru seme-alaba, zeinetarik lehen emaztearen bi semeak baitziren, aitak egunen batean utziko zuèn herentziari dagokionez, inportanteenak: lehenengoa, xeikaren ondorengo izateko deitua, eta bigarrena, landa-ingeniaritza ikasten ari zena eta lurraren produkzioan sor zitezkeèn alderdi tekniko guztiak kudeatuko zituena… Jakin bazekien, bai, Abdul Alimek hura guztia, baina ez zion xeikari deus galdetu, haiek xeikaren eremu pribatuari zegozkiòn kontuak zirenez gero…

Gainerakoan, Abdul Alimek bere baitaren baitan eramanen zuen —bizitza osorako eraman ere— xeikaren jauregiak eta lurrek eragin ziotèn mirespena. Lurrek batez ere. Borzpasei urte iraganak ziren xeikak egin ziòn azkeneko gonbitetik, eta sinestezina zitzaion ikusten ari zena: haiek aldaketak…!

Berak —Abdul Alimek— bazekien ordurako nola antzaldatu zituen xeikak bere lurrak. Hobera, alegia. Hango eta hemengo herrietan tarteka egiten zirèn azoketan halaxe mintzatzen ziren herritarrak bederen. Nola izan zitekeen hura, baina, lehengo bisitan xeikaren baratzeak ikusi eta ezin hobeak iruditu bazitzaizkion? Egia da, haatik, xeikak berak halako zerbait ere iradoki ziola bisita hartan, noiz eta Abdul Alimek, baratzeak ikusita gero, erran baitzion:«Nik uste nuen neure etxean nuela Paradisua, baina berorrenean dago benetakoa, xeik agurgarri hori…». Xeikak, ordainean, irri bihurri bat egin eta honela erantzun zion: «Hau benetakoa bada, hemendik bortz-sei urtera ikusiko duzu bene-benetakoa, nire kalkuluak oker ez badaude…». Ahalegindu zen Abdul Alim xeik jaunaren asmoen berri jakiten, baina ez zion hitz erdirik ere atera. «Kontatuko banizu, nik bezainbertze jakinen zenuke, eta hori ez da komeni. Ni, izan ere, xeika naiz, eta nagusiak beti jakin behar du mendekoek baino gehiago. Fida zaitez nitaz…».

Arrazoi zuen xeikak!

Hala, bada, horregatik deitu ote zion xeikak, Abdul Alimek bere begiez ikus zezan leinuko buruzagiak borzpasei urte haietan egindakoa? Xeikak guztiz bete zuen hitza, hala izatekotan…

(*) K.o. 1921ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.