Gaur goizean jokatu da Euskal Herriko Eskolarteko 29. Txapelketako finala, Sarako (Lapurdi) trinketean. 200 bat lagun bertararatu da, eta arratsaldean segitu du festak, Odei Barroso eta Iñaki Viñaspreren rap emanaldiarekin.
Bertsolari hauek aritu dira finalean —denak 15 eta 18 urte artekoak—: Arabatik, Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goienetxe (Izpura, 2000) eta Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000); Bizkaitik, Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000) eta Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999); Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999); Lapurditik, Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999) eta Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001); eta, Xiberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).
Agurren ondoren, zortziko handian eta txikian aritu dira binaka; hiruko ofizioren bat ere izan da, parte hartzaile kopurua bakoitia izanda. Ondoren, sei bertsolari sailkatu dira bigarren zatirako: Arana, Arrizubieta, Etxandi, Joanes eta Xabat Illaregi eta Irastorza.
Amets Arzallus Euskal Herriko egungo txapeldunak jantzi dio txapela irabazleari.