Arozenak irabazi du Leitzan, eta Iruñeko finalerako sailkatu da

Bertsolari lesakarrak 408 puntu lortu ditu finalaurrekoan; bigarren Terreros gelditu da, eta hirugarren, Fuentes

Estitxu Arozena, atzean Ander Fuentes Itturri eta gainerako bertsolariak dituela, atzo, Leitzan. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARP.
edurne elizondo
Leitza
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Estitxu Arozenarentzat 408 puntu, eta lehen postua. Bertsolari lesakarrak irabazi zuen atzo Leitzan egindako Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta, ondorioz, zuzenean sailkatu da apirilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan eginen duten finalerako.

Bigarren bertze lesakar bat sailkatu zen Leitzako saioan, Xabier Terreros alegia, 382 punturekin. Hirugarren, berriz, Ander Fuentes Itturri zubietarra izan zen, 379 punturekin. Puntu gutxiago lortuta, haien atzetik geratu ziren atzoko gainontzeko parte-hartzaileak: laugarren Iñigo Olaetxea lesakarra (371,5 puntu); bosgarren Josu Sanjurjo lesakarra (365,5); eta seigarren, azkenik, Miel Mari Elosegi Luze leitzarra (357,5).

Saio serio samarra izan zen atzokoa. Halaxe onartu zuen Arozenak berak, finalaurrekoa amaitu eta gero. Gaiek eman zioten tonua, neurri handi batean, atzoko bertso saioari: teknologia berriak, gizarte langileen lana, zahar etxera eraman nahi duten ama, kamioien artean ibiltzen diren txirrindulariak... Umorearen aldetik jotzeko aukera handirik ez zieten utzi bertsolariei. Bertzalde, txapelketan egonda, sumatu zitzaien bertsolariei askorik arriskatzeko prest ez zirela. Nahiago zutela zuhur jokatu, finalerako sailkatzeko aukera jokoan baitzen.

Berrehun pertsona inguruk bat egin zuten atzo Leitzako zineman. Bertsolarien lanarekin gozatzeko prest agertu ziren, baina tokiak ez zuen askorik lagundu atzoko saioko giroa berotzen. Herriko bertsolari Miel Mari Elosegi Luze, hala ere, ederki animatu zuten. Bertsolari lesakarrek ere jarraitzaile anitz izan zituzten Leitzako zineman. Guztien artean, Estitxu Arozenak eta Josu Sanjurjo gazteak jaso zuten txalo gehien, Luzerekin batera.

Arozenarentzat aurtengo txapelketako lehendabiziko saioa izan zen atzokoa, eta, amaitu eta gero, onartu zuen pixka bat kezkatua bazela. «Ez nekien nola erantzunen nuen». Egindako lanarekin, dena den, kontent agertu zen. Finala, hala ere, urrun ikusten du oraindik ere. Ez du, gainera, bere burua faboritotzat jo, eta horrek lasaitasuna ematen diola azpimarratu zuen Leitzan.

Puntu gutxi

Gorabeherarik gabeko saioa egin zuen Arozenak, eta erraz nagusitu zen. Gainontzeko bertsolariek datorren larunbatean Elizondon eginen den azken finalaurrekoaren zain gelditu beharko dute, lortutako puntuen arabera finalerako sailkatuko diren edo ez jakiteko.

Atzoko saioan Beran egindako lehendabizikoan baino puntuazio baxuagoak lortu zituzten bertsolariek. Atzoko bigarren sailkatuak, Xabier Terrerosek,382 puntu eskuratu zituen atzo, eta hark baino puntu gehiago lortu zituzten Beran hiru bertsolarik.

Elizondoko azken finalaurrekoan Julio Soto txapelduna ariko da, eta, harekin batera, final-laurdenetan lortutako puntuen arabera sailkatu direnak: Xabier Silveira, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Aritz Saragueta eta Iñigo Ibarra bertsolariak.

Elizondoko azken saio horren ondoren, zehaztuta geldituko da Labriteko pilotalekuan finala jokatuko duten bertsolarien zerrenda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.