Donostiako 46. Jazzaldia

Arrakasta, publikoari esker

Entzuleen jarrera txalotu, eta Donostiako 46. Jazzaldiari buruz balorazio baikorra egin dute antolatzaileek

Cyndi Lauperrek euripean, entzuleen artean kantatu zuen tarteka herenegun, Trinitate plazan. GARI GARAIALDE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Azken urteotako arrakastatsuenetako bat izan da Donostiako 46. Jazzaldia. Eta azken bi egunetako euri jasengatik izan ez balitz, aurtengoa historikotzat joko litzateke, antolatzaileen esanetan. Musikarien mailari ez ezik, entzuleen leialtasunari zor dio hori. «Publikoa da Jazzaldiko gauzarik handiena», Miguel Martin jaialdiaren zuzendariaren ustez. 115.000 lagun zenbatu dituzte antolatzaileek kontzertuetan bost egunotan, iaz baino 9.000 gehiago.

«Publikoa izan da garaile nagusia», Martinen ustetan. «Agertokiak lepo bete ditu; hor egon da, baldintza txarrenetan ere; eguraldia gorabehera, areagotu egin da, eta, gainera, bere presentziarekin, leialtasunarekin eta musika entzuteko gogoarekin, artistak espero baino kontzertu hobeak eskaintzera behartu ditu». Zuzendariaren hitzetan, Avishai Cohen, Cassandra Wilson, Mavis Staples eta, batez ere, Cyndi Lauperrek «ezin zuten sinetsi» jendeak beraiekin izan duen jarrera. «Trinitate plazan musikari guztiak jabetzen dira leku paregabe batean jotzen ari direla, eta euria egin arren ezer ez dela aldatzen ikustea, haientzat akuilu bat da. Jendeak artisten lana hobetzea lortu du», Martinen ustez.

Kursaalekoei, hamarrekoa

Lehen aldiz San Telmo museoa jaialdiko guneetako bat izateagatik ere pozik agertu da zuzendaria. «Nahi genuen magia du, eta eliza da hainbat kontzertutarako leku egokiena; akustika arazorik ez; kontrakoa, soinuari kolorea eman dio elizak, baina baldintza horiekin koherenteak diren musikak aukeratu behar dira», haren ustez. Baita klaustroan ere. Jan Garbarek, Lloyd Cole, Kristin Asbjoernsen eta Rene Marieren emanaldiak nabarmendu zituen. Kursaaleko kontzertuen maila artistikoari ere nota jarri dio: hamarrekoa. «Bai Return to Forever IV emanaldia, bai Hiromirena, bai Toots Thielemansena, kontzertu gogoangarriak izan dira».

Trinitate plazan ere «hamarrekoa lortu duten horrenbeste kontzertu» izatearekin oso gustura dago zuzendaria: Abdula Ibraahim; Medeski, Martin & Wood eta Soul Bop; eta azken bi egunetako emanaldi guztien maila ikusita, «artistikoki, 46 urteotako jazzaldi bikainenetako bat» izan da plazan. Doako kontzertuei dagokienez, berriz, B. B. Kingek bildutako jendetza, Cut Copyren emanaldia eta Jackson Brownek euripean emandako kontzertu «ahaztezina» nabarmendu ditu Martinek. «Horregatik guztiagatik, eta eguraldiarengatik izan ez balitz are distira handiagoa izango zuen arren, jaialdi erabat biribila izan da», Martinen ustez, eta publikoaren «kuraia» goraipatu zuen berriro.

Herritarrek euriari «parte hartze handiarekin» aurre egin diotela nabarmendu, eta udalaren izenean eskerrak eman dizkie Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura arduradunak, «parte hartzea baita arrakastaren neurgailu nagusienetako bat». Jazzaldia «Donostia Europara eta mundura agertzeko erakusleiho paregabea» dela eta udalak hura sustatzen jarraituko duela esan du, eta aldaketak eginez gero egungo zuzendaritza taldearekin adostuta egingo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.