Literatura. Hirudia

Arre, arre, mandako!

Idurre Alonso.
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Lertxundik Eskarmentuaren paperetan jaso zuen bezala, Calvinok «posibleen sare» gisa definitzen du literatura. Eta jarraitzen zuen Borgesek baduela ipuin baten titulu eder bat, Banatuz doazen bidexken jardina, literaturaren definiziotzat har daitekeena.

Idazleak bide posibleen artean hautatu behar du etengabe, eta hautaketa horren emaitza izango da bere ekoizpena. Irakurlearentzat, bestalde, artea bizitza esploratzeko tresna da, errealitatea ezagutzeko modu bat. Irakurle hori, ordea, askotarikoa izan ohi da, literatur testua bera izan daitekeen moduan. Baina, literaturaz hitz egiten dugunean, askotan ahaztu egiten zaigu haur eta gazte literatura ere aintzat hartzea.

Horixe da gaurko aukeratu dudan gaia: haur eta gazte literatura (bide batez, egunen batean erabaki beharko dugu hizki xehe edo larriz idatzi behar den hori ere). Honatx zein hausnarketa egiten duen Lertxundik literatura mota honekiko dugun jarreraz: «Haurrentzat idazten ez duen idazle batek edo haurren heziketarekin zerikusi zuzenik ez duen profesionalak helduen talaia hantustetik begiratzen dio haur literaturari eta, oro har, ahozko tradizioarekin zerikusia duen orori. Itsumen handia. Honek eta honek eta honek piezan poesiaren sen eta zentzu gehiago dago sona handiko poesia eta liburu askotan baino».

Beraz, batetik, haur eta gazteentzako testuei literaturaren estatusa aitortu behar zaie, bigarren mailako genero gisa tratatu gabe. Bestetik, hain dira erabiliak hezkuntzan, non helduen literaturan baino garrantzitsuagoa izan daitekeen testu hauen begirada kritikoa. Baina zeri erreparatu behar diogu esku artean halako liburu bat dugunean? Transmititzen dituen balioei? Eskaintzen duen literatur mailari? Beti bezala, zenbat buru, hainbat aburu.

Literaturak balio instrumentala izan du historian zehar. Manu Lopezek Literaturak umeei begiratu zienean liburuan dioen bezala, XVII. mendetik hona irakurgaiek jakintzagai ezberdinak bideratu nahi izan dituzte (hizkuntza, geografia, historia) zein garaian garaiko jokabide moral «zuzenak». Horrekin lotuta, Lopezek haur literaturaren funtzioen azterketa egitean, hiru ikuspegi azpimarratzen ditu haurraren heziketan saihetsezinak direnak: alderdi literarioa, alderdi pedagogikoa eta alderdi psikologikoa.

Horrela, alderdi literarioari dagokionez, Lopezek azaltzen digun bezala, haurrek literatur konbentzio gero eta konplexuagoak bereganatzen dituzte beraiei egokitutako testuen bidez: narrazio teknikak, ahotsak, egitura konplexuak... haurren ibilbide hori garrantzitsua da helduak direnean irakurle iaio izateko. Alderdi psikologikoan umorea, fantasia, protagonistekiko identifikazioa... aipatzen ditu egileak. Pedagogikoan, berriz, mundu ikuskera bat, balioen sistema bat. Hiru funtzio, hirurak ere garrantzitsuak eta elkarren osagarri izan daitezkeenak. Edo izan behar dutenak?

Kontua da batzuetan alderdi pedagogikora lerratzen dela haur literatura (edo haur literaturaz egiten dugun erabilera), eta hizkuntza, gaia, eta antzeko parametroen irakurketa kritikoa soilik egiten dela. Hain zuzen ere, garai batean helduen euskal literaturan egiten zen bezalatsu. Baina bide horretatik, ipuinak galdu egiten du bere funtzio garrantzitsuenetariko bat. Haurrak (eta baita helduok ere) mundu magikoaren beharra du, irudikapenezkoarena, esperientzia literarioena.

Ez dut nik literatura mota bataren edo bestearen alde egingo (lehenago ere esan dut elkarren osagarri izan daitezkeela hiru funtzioak), baina gogoan dut zenbat gozatzen nuen nik ipuinen magiarekin, espero ez nituen amaierekin, ipuin klasikoekin, sorginekin... orain, «herritar zuzenak» hezteko helburuarekin, ez diezazkiegun balioak transmititzeko sortutako testu lauak soilik eskaini. Haur literaturak liluragarri izaten jarrai dezan. Haientzat eta guretzat.

Orbelarena

Udazkenero bezala, hostoak
Elkarren gainean,
Euriak minik har ez dezan
Lur bigunean.


(Juan Kruz Igerabide, Bularretik mintzora)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.