Arriskuez zuzenean jardungo du Barriok. Era berean, arriskuak harturik eraturiko obrak eskainiko dituzte hainbat sortzailek eta konpainiak abangoardiako antzerki eta dantzaren Bilboko jaialdian, hilaren 29tik azaroaren 7ra. 24 konpainia izango dira. Zortzik lanak estreinatuko dituzte.
Barriorena, noski, obra guztiz berria izango da, berritzailea eta esperimentala ere. Zinema eta antzerkiaren kode eta teknikak uztartuko ditu. Bilbon egin ondotik, New Yorken errepikatzeko asmoa ere badu. Eszena bat eraikitzen deneko prozesua une eta toki horretan bertan aztertuko du. Eta, harekin batera, hala egin nahi duten ikusle guztiek. Izan ere, azaroaren 3an eta 5ean Zawp pabiloiko ateak irekiko dituzte. Baina bestela ere izango da aukera Barrioren lana segundorik segundo jarraitzeko. Rekalde aretoan berau erakusten duten pantailak izango dira martxan sala zabalik den ordutegian, eta www.badbilbao.com atarian, une oro izango da aktoreak ikusteko parada, baita gauez lo daudenean ere.
Barrioren lanaz gain, izango da zer ikusia BADen. Estilo askotariko piezen emanaldiak izango dira jaialdiaren ohiko agertokietan-hau da, La Merced ikastetxean, Bilborocken eta La Fundicion aretoan-, eta bestelakoetan ere-Campos antzokian, Rekalden, La Hacerian eta Kale Nagusiko BBK aretoan, besteak beste-. Hain zuzen, sala horretan paratutako jaialdiaren informazio gunean eros daitezke emanaldi guztietarako sarrerak eta bonuak.
Osagaietako bat, gastronomia
Pako Revueltak Calle y come obra estreinatuko du, La Cocina taldearekin, azaroaren 1ean. Eta Ion Munduate koreografoak Sin título, en colores aurkeztuko du azaroaren 6an, La Merced ikastetxean.
Halaber, Helena Golabek, Bilbon finkaturiko koreografo poloniarrak, gune horretan eskainiko du azaroaren 2an oraindik orain onduriko pieza: Black diamond. La Merceden aurkeztuko du Khea Ziater taldeak ere La canción de Gloria obra berria, azaroaren 4an.
Musika, teknologia berriak eta antzerkia uztartuko dituzte Sandra Cuestak eta Larraitz Torresek Bilborocken azaroaren 3an estreinatuko duten kontzertu berezian, Colombina's lanean.
Performance-aren ildoari segitu dio ere Carla Fernandezek Bárbara humana con cola sortzeko. Azaroaren 5ean aurkeztuko du Campos antzokiko kupulan. Natalia Mongeren Organik konpainiak Maniatic@s estreinatuko du hilaren 31n, La Merceden.
Ohikoa denez, euskal taldeen lanek itzal handia izango duteBADen eta Pre-BADen. Besteak beste, Ertzaren Zoo, Miriam K. Martxanteren Make up eta Laida Azkonaren Hierba Roja ikusi ahal izango dira.
Orobat, atzerriko konpainiek obra berezi bezain berriak ekarriko dituzte. Radhouan El Meddeb tunisiarrak «balada gastronomiko bat» eskainiko du: Je dance et je vous en donne a bouffer. Kuskus plater bat prestatuko du, dantzatzen den bitartean. Eta Fred Bendongue koreografo frantziarrak Instant erakutsiko du. Orain artean, Lyongo Biurtekoan baino ez du eman lan hori. Hortaz, aukera paregabea eskainiko du BADek. Madrilgo Cambaleok antzerki independentearen aldeko apustua berretsi du lan berrian, eta hori berori aurkeztuko du BADen: El mapa no es el territorio.