Zinema estreinaldiak

Arrotzak zaizkigun munduak

'Poor Things', Yorgos Lanthimos zinemagile greziarraren lan berria, bere nortasuna eraiki nahian dabilen emakume baten istorioa da; zientzia fikzioa, fantasia, komedia eta 'coming of age' generoak nahasten ditu

(ID_13507154) (/EZEZAGUNA) poort
ZINEMA. 'Poor Things' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urtarrilaren 24a
05:15
Entzun

Yorgos Lanthimosek oso identifikagarria den unibertso bat sortu du bere filmetan. Istorio bakoitzak bere arau propioak dituen mundu bat aurkezten du; harridura eragiten duen mundua da, baina Lanthimosek egungo gizartetik gehiegi urruntzen ez diren distopiak eraikitzen ditu, eta arrotza dirudien ingurune horren kodeak ulertzeko erremintak eskaintzen ditu. Horrela, familia, maitasuna, boterea, gizakion erlazionatzeko era eta antzeko gaiak lantzen dituzten proposamenak sortu ditu zinemagile greziarrak.

Grezieraz grabaturiko bere lehen hiru filmeetatik Kynodontas (Canino) izan zen munduan ospea eman ziona. Bertan, hiru anai-arrebaren istorioa kontatu zuen Lanthimosek, aitak kanpoko munduaz babestu nahian giltzapetuta dauzkanak. Horretarako, bere arau propioak dauzkan mundu bat eraiki du gizonak, hizkuntza berreraikiz eta hitzei zentzu berri bat emanez.

Ondoren etorri ziren ingelesez eta Hollywoodeko izarrekin eginiko filmak: The Lobster, maitemintzen ez diren pertsonak animalia bilakatzen diren mundua dakarrena; The Killing of a Sacred Deer, familiakoak banan-banan gaixotuz doakion eta eritasun ezezagun bati aurre egin behar dion bikote dirudunaren kontakizuna; eta The Favourite, XVIII. mendeko gorte britainiarrean dauden botere borrokak erretratatzen dituena.

Poor Things, zinemagile greziarraren lan berria, Alasdair Gray idazle eskoziarrak 1992an idatzitako izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Lanak Bella Baxterren istorioa kontatzen du, haurdun zegoela bere buruaz beste egin ondoren mediku ero batek berpiztuko duen emakumea. Horretarako, medikuak emakumearen buruan sartuko du jaiotzear zen haurraren garuna. Esperimentu horren emaitza dena ikasteko duen emakume bat da. Horrela, dena da berria Bellarentzat; hitz egiten eta ibiltzen ikasiko du, eta lotsarik gabe joango da bere nortasuna eraikitzen.

Gizarteak ezarritako presio, aurreiritzi eta kargarik ez duen emakumearen bidaia erretratatzen du Lanthimosek bere film berrian. Autoezagutza bidaia bat da, eta Bellak, hizkuntza, zientzia, boterea edo filosofiarekin bezala, sexuarekin egingo du topo. Arau sozialen kargarik gabe, gaztea bere sexualitatea esploratzen joango da, bere kabuz eta bidean gurutzatuko zaizkion gizonekin, bere nortasuna eta askatasuna aurkitu nahian.

Zinemagileak hainbat teknika eta estilorekin jolastu du Poor Things-en. Zuri-beltzean kontaturiko eszenek guztiz saturaturiko kolorez beteriko irudiei uzten diete lekua; digitalki sortutako eszenatoki handiek garai hartako estetikarekin apurtzen dute, eta zoomek edo optiken erabilera askotarikoek irudia distortsionatzen dute.

Bella Baxter jasotzen dituen estimulu guztiei esker eraikitzen ari da bere begirada, aurreiritzirik gabe, eta baita Lanthimos ere.

'Poor Things'

Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoilaria: Tony McNamara —Alasdair Garyren eleberrian oinarrituta—. Aktoreak: Emma Stone, Mark Ruffalo, Willem Dafoe. Musika: Jerskin Fendrix. Argazkia: Robbie Ryan. Generoa: fantasia, zientzia fikzioa. Urtea: 2023. Iraupena: 141 min. Herrialdea: Irlanda. Estreinaldia: urtarrilaren 26an estreinatuko da Hego Euskal Herriko aretoetan.

 

Beste estreinaldi batzuk

(ID_13507153) (/EZEZAGUNA) (;)
Sauna filmaren fotograma bat.

'Sauna'

Sauna finlandiar baten iluntasun eta intimitatean bizitzaren erritu guztiak gurutzatzen dira. Emakumeek nonahi isiltzen dutena kontatzen dute han, eta beren sekreturik eta esperientziarik intimoenak partekatzen dituzte; gorputzetan gordetako lotsa garbituz, eta beren indarra batasun sentimendu baten bidez berreskuratuz.

Zuzendaria: Anna Hints. Argazkia: Ants Tammik. Musika: Edvard Egilsson. Generoa: dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 89 min. Herrialdea: Estonia.

 

'Canigó 1883'

1883. urtea. Balaig tontorrera igoko da 38 urteko Verdaguer, Canigo mendiaren gailurrik garaienera. Alturetatik, poetak Canigó poemaren Canto Cuarto-ren sorrerara darama inspirazioa: Pirinioetan barrena karroza hegalari batean egindako bidaia bat, non Flordeneu maitagarriak Gentil zalduna maiteminduko duen.

Zuzendaria: Albert Naudin. Gidoilaria: Bernat Gasull. Parte hartzaileak: Lluis Soler, Xavier Boada, Santi Pocino. Argazkia: Albert Naudin. Generoa: dokumentala. Urtea: 2023. Iraupena: 67 min. Herrialdea: Katalunia.

 

'Rodeo'

Juliak, neska gazte errebeldea, bere trapitxeo txikiekin egiten du aurrera. Motoziklismoarekiko grina sutsua du. Udako egun batean, motozale talde bat ezagutuko du, asfaltoaren gaineko motokrosaren zaletuak. Motorrarekin abiadura bizian gidatzen dute eta irudi akrobatikoak egiten dituzte, ia beti kaskorik gabe. Julia batez ere mutil gazteek osatutako unibertso klandestino honetan sartuko da, istripu batek taldean duen posizioa arriskuan jartzen duen arte.

Zuzendaria: Lola Quivoron. Gidoilariak: Antonia Buresi, Lola Quivoron. Aktoreak: Julie Ledru, Antonia Buresi, Junior Correi. Argazkia: Raphael Vandenbussche. Generoa: drama. Urtea: 2022. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.