Miguel Zugaza. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria

«Arte Ederren Museoa ezin da artearen historia egitera mugatu»

Miguel Zugazak esan du beharrezkoa dela Bilboko Arte Ederren Museoa gaur egungo arte eztabaidetan egotea. Urtebete da museoaren zuzendari kargua hartu zuela, eta hura modernizatzeko erronka hartua du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Artearen paradoxak: gidatzen duen etxea egurastu beharraz ari da Miguel Zugaza (Durango, Bizkaia, 1964) Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria, kaosa irudikatua duen Alfonso Gortazar margolariaren koadroa atzean duela. Museoa modernizatzeko erronka hartua du Zugazak. Espazio fisikoa eta filosofia: bi-biak eraldatu nahi ditu. «Ezin gara egiten dakiguna egitearekin konformatu».

2017ko martxoan hartu zuen Bilboko Arte Ederren Museoaren gidaritza Zugazak. Bigarren aldia du, ordea, 1996. urtean ere lan berean aritu baitzen. Eraikinaren erreforma egin zuen orduan ere, baina, bukatu orduko, Madrilgo Prado museoko zuzendari izendatu zuten. Han izan da 2002. urtetik, harik eta iaz Bilbora itzuli zen arte. Berehala jarri da martxan: Bilboko Arte Ederren Museoan berreraikuntza lanak gidatu ditu, eta bildumako artelanak aireberritzeko ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa jarri du, Kirmen Uribe idazleak alfabetoko hizkiekin sortutako hitzak ardatz hartuta. Museoaren 110. urtemugaren ospakizunean aurkeztu zituzten biak: berreraikuntza eta erakusketa.

Museoaren ibilbide baten hasiera baten aurrean gaude?

Baietz uste dut. Ez espazioaren berreraikuntzagatik bakarrik. Artearen historiaren irakurketa bakarra egiteko joeratik askatu gaitu, nolabait, ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa prestatzeko prozesuak. Uste dut, era batean edo bestean, denok askatu gaituela: orain arteko inertziekin hautsi, eta etorkizunean pentsatzeko gakoak eman dizkigu.

Museoak aurrera egin dezan, narratiba berriak sortzera behartuta dagoela azpimarratu zenuen erakusketaren irekieran.

Ez dago artearen historiaren irakurketa unibokoa edo zentzu bakarrekoa, eta bide hori hartu dugu: formula ezberdinak planteatu ditugu, Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma ikusleriari zabaltzeko. Iruditzen zait atzeraezina den bide batean sartu garela. Nolanahi ere, argi dago oraindik egiteko asko ditugula. Hausnarketa estrategikoa bukatzen ari gara orain, eta abenduan behin betiko dokumentua aurkezteko asmoa dugu. Bertan azalduko dugu museoari emango diogun norabidea, bai modernizazioaren bidetik eta bai hedapenari dagokionez. Hedapena diodanean, ez naiz fisikoaz soilik mintzo, jarduteko moduei buruz ari naiz, uste baitut gai garela egitasmo gehiago aurrera eramateko, hezkuntzaren eremuaneta gure bildumaren hedapenean.

Zuzendaritza hartu eta berehala eman zizun museoaren patronatuak estrategia marrazteko ardura. Zeintzuk dira zehaztu diren oinarriak?

Museoan pentsatzen osatu dugu, baina hirian ere zentratu gara: hau da, ez dugu soilik pentsatu museoak zein behar duen; hiriak edo komunitateak gurea bezalako museo batetik zer espero duen jaso dugu. Testuingurua garrantzitsua iruditzen zait. Museoak tradizio handia du, historia luzekoa da, eta bilduma oparoa du. Are, agertoki erakargarri batean dago, Bilbon, zeina ekosistema kultural aberats baten parte ere baden. Osotasun hori planteatzen dugu. Argitu nahi dut plan estrategikoa ez dela izango Miguel Zugazaren egitasmo pertsonala, museo osoarena izango da. Etorkizuna marrazten ari garen heinean ardura hartzea beharrezkoa da, eta uste dut ireki berri dugun erakusketak eta azaroan irekiko dugun 68aren ostean izenekoa horren isla izango direla. Euskal testuinguruaren ikuspegitik abiatuta, gaur egungo artearen eztabaidetan egon behar dugu. Uste dut aurrerantzean museoak izan beharduen identitatearen inguruan posizioa hartzeko era bat dela. Abenduan emango dugu horren guztiaren berri modu zehatzago batean.

Bi hutsune aipatu zenituen 2017an kargua hartu zenuenean: azpiegitura eta aurrekontua. Lehenari heldu diozue, baina aurrekontuak behera besterik ez du egin azken urteetan. Zer duzue aurreikusia?

Espazioa eta aurrekontuak. Bi-biak dira beharrezko museoaren garapenerako. Hedapen fisikoaz gain, jarduerak sortzeko baliabide ekonomikoak behar ditu edozein museok. Hortaz, bi era daude aurrera egiteko: erakunde publikoei diru gehiago eskatzea edo autofinantzaketarako neurri gehiago hartzea. Ardura %50ean banatzea pentsatu dugu guk: aurrekontuen erdia erakunde publikoei eskatuko diegu, eta gainontzekoa guk geuk gure jarduerekin lortzeko saiakera egingo dugu. Handitu egin nahi dugu gure aurrekontua, eta eginahalak egingo ditugu lortzeko.

Erakundeek begi onez ikusi dute proposamena?

Plan estrategikoarekin batera aurkeztuko dugu finantza plana, eta espero dut arazorik ez egotea. Edonola ere, ez ditugu politikariak konbentzitu kultura zerbitzu publiko bat dela eta, arlo horretan, osasun sistema eta hezkuntza bezain garrantzitsua dela. Niretzat, erakunde publikoak dira museoak. Uste dut Bilbon apustu sendoa egin dela arteari eta kulturari dagokienez; baina, oro har, oraindik zaila da esatea euro publikoak kulturara bideratuko direla. Horregatik jarraitu behar dugu gizartea sentsibilizatzen. Finean, gizarteak konbentzituko dituelako politikariak, kulturan inbertsioa egitean etorkizunean inbertsioa egiten ari diren ideia horretan. Iruditzen zait, gainera, gure herrialdean kulturak baduela dimentsio ekonomiko interesgarri bat, edo hala erakutsi duela azken urteetan. Areago, hazten ari den eremua da, eta interesgarria iruditzen zait dimentsio hori aintzat hartzea eta zaintzea.

Guggenheim museoaren itzala sumatzen duzu?

Gurearekin alderatuta, oso museo ezberdina da, eta bakoitzak bere ikusleria du. Egia da Guggenheimek turismo kulturala ekarri duela, eta hara doazen bisitarien %10 ere etortzen direla gurera. Baina Arte Ederren Museoak bestelako funtzioa du: sozialagoa eta artearen heziketari lotutakoa. Edonola ere, uste dut iratzarri egin gaituela Guggenheimen etorrerak. Esnatzera behartu gaitu.

Euskal artistekin eta kultur eragileekin batera jardutea ezinbestekoa zela zenioen kargua hartzean.

Artea artistena da, eta museoak, berriz, herritarrenak. Arte Ederren Museoa artearen erakusleiho soila bihurtzen bada, ez gara gure misioa betetzen ari; hau da, ez gara gure ehun artistikoa zaintzen ari. Hemen dugun egoera artistikoa bakana da, eta beharrezkoa da hori babestea. Arteak etengabeko sorkuntza prozesuan egon behar du, eta, bien bitartean, museoak sorkuntza horren eta herritarren arteko bitartekari eta komunikazio lanak egin behar ditu. Oinarrizkoa da ehun hori zaintzea.

Zer egingo duzue bide horretan?

Artisten interesean eta gure lurraldeko artearen gaur egungo joeretan jarri behar dugu fokua.

Euskal artista gazteei arreta gutxi eskaini izana leporatu izan zaio museoari behin baino gehiagotan.

Zilegi da museo honi halako kritika egitea, ez duelako burua horretan eduki. Oso izaera klasikoa izan du. Guk gaur egungo eztabaida artistikoan ere izan nahi dugu begirada, arte klasikoaren atzera begirakoarekin dugun erantzukizuna ahaztu gabe, noski. Dugun bildumarekin eta antolatzen ditugun proiektuekin horri heldu behar diogu. Azaroaren hasieran 1968. urtetik aurrera doan arte mugimenduari buruzko erakusketa bat irekiko dugu, eta euskal artearen garapena eta gaur egungo artisten lanak erakutsiko ditugu bertan. Pixkanaka, baina aldaketak egingo ditugu.

Apenas egin diren emakumeei eskainitako erakusketak Bilboko Arte Ederren Museoan, eta bilduman ere oso urriak dira andrazkoek sortutako piezak. Helduko diozu arazo horri?

Bai. Museoak ezin du gehiago saihestu gai horrekin duen erantzukizuna. Argi dago. Genero ikuspegiari heltzeko Emak izeneko plana jarri dugu martxan: ez soilik egiten diren erakusketetan emakumeek ikusgarritasun handiagoa izan dezaten; bilduma osatzeari begira ere lan egingo dugu, hutsune garrantzitsuena eremu horretan baitugu. Behar-beharrezkoa zaigu emakumeek sortutako artea bilduman egotea. Andreak artearen historiaren parte dira, eta hori hala agertu behar da. Plana osatu dugu, eta aurrera goaz. Jabetu gara dugun hutsune horretaz, bai.

Hortaz, epe motzean bilduma handitzeko asmoa duzu?

Hori dut buruan [Irriak]. 110 urtean museoak ez dio artelanak erosteari utzi. Nik uste dut hori ere badela museo honek bere buruarekiko duen etengabeko errekerimendu bat. Ez dut ezer aurreratu nahi, baina uste dut urte eta erdi barru aurrera urrats nabariak eginda egongo garela bildumari dagokionez.

Hamasei urte dira Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaritza utzi eta Madrilera joan zinenetik. Zein da itzuleran nabaritu duzun aldaketarik nabarmenena?

Mundua bera izugarri aldatu da; beraz, pentsa. Esango nuke museoaren oinarrizko aldaketa horixe dela, hiriaren testuingurua aldatzen ari da, eta baita bisitari mota ere. Gurera datorrena artearen kalitatearen bila dator, baina baita berezitasunen bila ere. Eta Bilboko Arte Ederren Museoak munduaren aurrean zein berezitasun aurkez dezake? Ba euskal artean dauden modernizaziorako formak. Hori erakustea oso garrantzitsua da: ez soilik gure historia geure buruari kontatzeko, baizik eta gure artearen kalitatea eta ezaugarriak kosmopolitagoa den publiko bati aurkezteko.

Zein da sumatzen duzun ahulgune nagusia?

Museo honek duen garrantzian sinestea falta zaigu. Gizartea eta erakunde publikoak konbentzitu behar ditugu: Bilboko Arte Ederren Museoak badituela etorkizunerako aukerak, eta gai dela artearen eta kulturaren eragile eta erreferentea izateko. Erronka hori hortxe dago: nola sintonizatu gaur egungo gizartearen kezka eta nahiekin? Erakunde akademikotik harago, interesgarria litzateke museoa pentsamendurako espazio gisa zabaltzea. Gaur egungo hainbat gizarte gai landu daitezke artearen bidez: genero gaiak, immigrazioa...

Ideia horretan indar egiten ari zara etengabe.

Ezin gara egiten dakigun horretan geratu. Hau da, museoa ezin da mugatu artearen historia egitera. Gaur egungo gizartetik gertuago erakundea izateko konpromisoa hartu behar dugu. Eta, garrantzitsuena dena: jende gaztea konbentzitu behar dugu.

Bisitariei dagokienez, herritar gazteak erakartzeko ahalegin berezia egingo duzue?

Badakigu gure publikoa oso heldua dela, eta gure ahulguneez jakitun izan behar dugu eremu horretan ere. Normalean, garaikideagoak diren museoetara jotzen dute gazteek, eta ez arte klasikora lotuago dauden gu bezalakoetara. Hor jauzia egitea dagokigu. Oraingoz, 25 urtetik beherako gazteei sarrera kentzeko erabakia hartu dugu.

Behin baino gehiagotan esan duzu museoen arrakasta ez delabisitari kopuruan neurtu behar.

Beti defendituko dut hori. Okerra iruditzen zait kopurua izatea neurgailu bakarra, badirelako zenbatu ezin diren funtzio sozialak, helburuak eta neurtu ezinak direnak: immaterialak. Museo baten osasunak bestelako neurgailuak behar ditu: egitasmo hezitzaileen kudeaketa eta gordetzen dituen artisten kalitatea, adibidez, oso garrantzitsuak dira museo batentzat. Zaila da zenbakien dantzatik ateratzea. Gainera, iruditzen zait museoen masifikazioaz hitz egiten denean, ez dugula analisi erreal bat egiten, oso gutxi baitira halako arazoak dituztenak. Gehienek kontrako arazoa dugu, kostatu egiten zaigu jendea guregana etor dadin konbentzitzea, eta ahalegin handiak egin behar ditugu ikus gaitzaten.

Gero eta arte galeria gehiago daude, hala ere.

Iruditzen zait Euskadi laborategi bihurtu dela, museoen esperientziei dagokienez. Mota eta formatu askotako erakusketa areto eta museoak zabaldu dituzte. Uste dut horiek guztiak aztertu behar ditugula, eta gure artean elkarlanerako zubiak eraikitzeko saiakera gehiago egin behar ditugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.