Sormen prozesua. Lehengaiak artelan bihurtzeko gogoeta. Arte eraikuntza. Wilfredo Prietok (Kuba, 1978) ideia hori barneratu, eta modu zorrotzenean garatzea erabaki du. Artearen eraikuntza prozesuan eraikuntza materiala erabiliko du Belardi konstruktibista eta dekonstruktibista, etxeko sofatik ikusia hankak mahai gainean jarrita izeneko egitasmoaren barnean. Artium museoan ikusi ahal izango da, Praxis egitasmoaren barnean.
Proiektuaren izenak Prietok abiaraziko duen sormen prozesuaren bi aldeak biltzen ditu. Alde batetik, belardi bat sortzeko asmoa azaltzen du, eta, bestetik, agerian uzten du ikusleek izango duten garrantzia. Hain zuzen ere, lanaren bilakaera ikusi eta prozesu horretan eragiteko aukera emango die Prietok Artiumen biltzen direnei. Hori errazteko, sofa bat, oinak jartzeko mahai bat eta garagardoz betetako hozkailu bat jarri ditu, sormen prozesua hartuko duen eremuaren aurrean.
Porlana, aldamioa, hormigoi makina, palak, konoak... Artiumeko Iparra aretoan Prietok arte eraikuntza egiteko beharrezkoak dituen material guztiak zeuden atzo goizean, aurkezpena egitean. Ordea, lan hori nola egingo duen batere argi ez duela nabarmendu du. «Badakit non hasten den egitasmoa; baina ez dakit nola garatuko den, ezta non bukatuko den ere». Egitasmoa maiatzaren 29an bururatuko du, eta ordura arte artista kubatarrak egindako ikerketa lanak, ideien garapenak, zein bertara joaten diren ikusleekin izango duen harremanak azken emaitzan eragingo dutela aurreratu du.
Ikusleen aurrean lan egitera ez dagoela ohituta nabarmendu du Prietok. Ahalegina eta hutsegitea erabiltzen duen sormen prozesuaren oinarriak direla azaldu du, eta gaineratu du erronka bat dela horietan oinarrituta toki publiko batean egitasmoa aurrera eramatea.
«Etxekotasunaren» bila
Egitasmoa ez zaie arrotza gertatuko bisitariei, Blanca de la Torre komisarioak azaldu duenez «etxekotasuna» islatzen baitu erakusketak. Prietok erabiliko dituen materialek gure hirietan egiten diren «lan amaigabeak» irudikatzen dituztela azaldu du, eta, aldi berean, nabarmendu du lanen aurrean jarritako sofa zuriak ikusleari modua ematen diola kaleko paisaia etxean egongo balitz bezala ikusteko.
Azken urteetan Prietok egingo duen hirugarren paisaia izango da Artiumekoa, baina genero hori «berreskuratzeko» asmoa izan arren ez dute zerikusirik elkarren artean. «Egiten ditudan lanak elkarren artean independenteak izatea da nire helburua». Dena den, Prietoren lanetan ohikoak diren ezaugarriak ikus daitezke lan horietan, baita Artiumeko proiektuaren hastapenetan ere. Metaforak, esanahi asko dituzten elementuak eta ironia bera agerikoak dira arte eraikuntzan obra elementuak erabiltzeko asmotik bertatik.
Zazpigarren proposamena
Wilfredo Prietorena Praxis egitasmoaren barnean egingo den zazpigarren proposamena dela gogorarazi du Daniel Castillejok, Artiumeko zuzendariak. 2009ko azaroan Fernando eta Vicente Roscubasek hasi zuten bide hori, eta, ordutik, beste sei artistak euren sormen prozesuak gerturatu dizkiete ikusleei. Azkena Roger Waters izan da.
«Praxis egitasmoak gure museoarekin zerikusi handia du, etengabeko berreraikuntzan gaude eta», adierazi du Castillejok.
Arte eraikuntza, ber bi
Obrako materialarekin paisaia bat egingo du Wilfredo Prietok Artiumen, eta sormen prozesua erakutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu