ARTEA. Aitzindari berria (I)

Haizea Barcenilla
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Jaime Davidovich.

Non: Vanguardia galeria (Bilbo). Noiz arte: azaroaren 18ra arte.

Haizea Barcenilla

Zenbaitetan oraingo hau gertatzen zaigu: ezer esaten ez digun artista baten izena agertzen da, eta arte espazioetan zabaltzen da haren lana, galdu ezineko erreferentzia bihurtuz, edo horren irudia emanez. Normala dirudi hori gertatzea, 60ko eta 70eko hamarkadetan batez ere Estatu Batuetako artista jakin batzuek hartu zutelako kontakizun ofizialetan garrantzia, bakarrak izango balira bezala aurkeztuz. Ondorioz, ez da harritzekoa zerrenda horietakoak ez diren izenak «aurkitzea», geure begiradaren estutasuna agerian utziz. Hala ere, beste batzuetan, jenio berri horien lanaren aurrean kokatu, eta zalaparta guztiak merezi ote dituzten galdetzen diogu geure buruari.

Jaime Davidovich da oraingoan aurkikuntza; Gasteizko Artium museoan ez ezik, Bilboko Vanguardia galerian ere ikusgai du haren lana. Proposamen aipagarria da, hainbat elementuren elkarketarengatik: batetik, lehen aipaturiko ikus-entzunezko euskarri gaineko aitzindari berri baten aurkikuntzagatik; bestetik, haren lanaren garai desberdinak natura kontrajarria duten bi espaziotan erakusten direlako, gure inguruan ohikoa ez den ustezko kolaborazio mota bat ezarriz. Hots, Artium arte zentro publikoa da, eta Vanguardia galeria, komertziala; bi erakusketak aldi berean antolatu dituzte; Artiumen 1968 eta 1984 arteko lanak daude ikusgai, eta Vanguardian, aldiz, aurtengo lan berriak. Eta inon ez da aipatzen elkarlanik egon ote den, erakusketa batek bestearekin harremana ote duen. Zein da egoera ezohiko horren esanahia? Ez dago oso argi.

Kronologiaren logikari kasu egin gabe, Vanguardiakoa da bisitatu dudan lehen erakusketa, eta egunetik atzera egin beharko dut artistaren lanaren gaineko ikuspegia, haren garrantzia historikoa oinarritzat hartu beharrean. Vanguardian erakusten zaizkigun lanak aztergai, esan beharreko lehen gauza da erakusketa nahiko minimalista dela. Ez, minimalista, lanen aldetik (eskultura zuri geometrikorik ez), baizik eta piezen kantitatea eta instalazioa kontuan hartuz. Lau bideo daude -horietako hiru triptiko antzeko batean aurkezten zaizkigu-, eta hamar marrazki. Hala ere, espazioa oso handia ez denez, eta bideoak espazioa bereganatzeko gaitasuna duenez, erakusketa oso duina eta dotorea izatearen inpresioa ematen dio ikusleari sartu bezain laster.

Marrazkiak eta zirriborroak

Marrazkietatik hasiz, gehienak 70eko hamarkadako prestaketa-marrazkiak dira, hots, proiektu jakinen (mostran ikusgai edo dokumentatuak ez daudenak, noski) zirriborro eta argibideak. Horiek ikusterakoan, bi ideia kontrajarri datozkigu burura: artistaren bat-bateko sormenaren aurrean egotearen inpresioa, edo saltzeko sistema praktiko baten lekuko garela. Izan ere, gehienek koadernoetako orrialdeak dirudite, instalazio baten oinarrizko ideia solteak jasotzeko erabiltzen diren horietakoak, marrazki azkarrez eta oz beterikoak. Badira zirriborro koaderno liluragarriak (klasikoetara jota, Delacroixenek haren margolan hainbatek baino balio artistiko handiagoa dute); Davidovichenak, ordea, nahiko arruntak dira. Ez da ezohikoa proiektuen prestaketa lanak salgai izatea: Christo eta Jeanne Claudek hala egiten dute, eta land art mugimenduan artistaren lana ordaintzeko sistemarik logikoena zen, pieza galkorrak eta naturan galduak baitziren. Horrek ez du esan nahi, ordea, arte pieza gisa oso interesgarriak direnik.

Bideoek ematen diote gorputza erakusketari. Lehenengoan delete hitza (ezabatu, ingelesez) agertzen da , irudi geldo batean, ia oszilazio ñimiñoa duen argazki baten antzera. Horren gainetik, bideoarentzako bereziki egindako musika esperimentala, erakusketa osoaren musika banda sortzen duena azkenean. Ez da pieza bikaina, baina artistaren bideoa ulertu ahal izateko lehen pausoak ematen dizkigu: euskarri gisa duen izaera aztertzen du. Bideoa, azken finean, mugimenduan dagoen irudia da, eta Davidovichek mugimendu hori uxatu, eta gelditasuna sortzen du. Ez guztizko gelditasuna, ordea: musikak eta grabazioaren izaerak bideo baten aurrean gaudela gogorarazten digute. Horrela, formatu horren naturaz mintzatzen da «ezaba dezagun» aginduan bere existentzian oinarritzen duen pieza.

Ildo berari jarraitzen diote espazioaren atzean, triptiko moduan aurkezten diren hiru «marrazki-bideoproiekzioek». Mihise margotuen gainean proiektutako irudiak dira,eta formatuen mugak hausten dituzte: pintzel pasaldi lodiek izaera piktoriko aipagarria ematen diete, eta erakusten duten eszena desitxuratzen dute, eta zabor poltsa soilak direla ikustea eragozten. Horietan, bai, esperimentazioak forma eta esanahia elkartzen ditu inpresio berezia eta gogoeta elkartuz.

Hasiera gisa, ez da bikaina baina ez dago gaizki Davidovichen egungo produkzioa. Hala ere, benetan erakartzen nauena telebista formatuaren gainean egindako lana da, Vanguardiak erakusten ez digun alderdi esanguratsua. Artiumeko bisitak borobildu beharko du lehenbiziko honek zizelkatu dueninpresioa. Bi aste barru, jarraipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.