Orain denok dakigu Banksy zein den, grafiti egile ospetsuaren Exit Through the Gift Shop filma ikusteko aukera izan dugulako Donostiako Zinemaldian. Ospetsua bere kaleko artelanak salneurri ikaragarri garestitan saldu direlako eta oraindik benetan nor den ez dakigulako. Filmaren Berlineko estreinaldira ez omen zen joan, hala ere, nahiz eta bertan egon inork ez zuen jakingo zein zen, inoiz ez zaiolako argazkirik edo filmaziorik egin, beraz, Donostiara etorri zen edo ez batek daki. Komunikabide batzuen arabera, Alde Zaharrean bere lan tipikoetako bat laga omen du filmaren emanaldiarekin batera; beste batzuek, berriz, artistarena ez dela diote.
Eztabaidaren berotasunaz baliatuta, filma ikusteko gogoa daukat kaleko artistaren estrategiez eta umoreaz disfrutatzeko. Filmak Donostian erakusteak aurreko asteko artikuluaren gaiarekin harremana duela iruditzen zait. Oraingo honetan Donostiako Udala bezalako erakunde batek Zinemaldian Exit Through the Gift Shop filma erakusten duen bitartean, kaleko hormetan grafitia egitea debekatuta dauka (horrek dakartzan ondorioekin: atxiloketak, epaiketak eta isunak).
Berezko kaleko artista izan zaitezke ospetsua bazara eta esandako tokian edo hiriko/herriko arduradunek eskainitako tokian zerbait egiten baduzu. Baina ez zen hori grafitien jatorria eta asmoa. Kalea okupatzeko edo kalean beste modura zaila zen zerbait adierazteko jaio zen grafitia, batez ere baztertutako gazteak inorenak ez ziren tokiez jabetzeko.
Gaur egun Banksy bezalako norbaitek garesti saldu ditzake bere artelanak kaletik aterata eta galeria edo aberatsen etxeetara eramanda, baina kalean lan horiekin zer gertatuko den ez dago garbi.
Donostiak 2016an Europako kulturaren hiriburua izateko propagandarako erabili dezake Banksyren filmaren emanaldia, baina onartutako kulturari buruz hitz egiten ari garela garbi lagata. Donostia bezalako hiri ederra «zikintzea» ez litzateke egokia izango, eta irrikaz nago jakiteko Alde Zaharreko balizko Banksyren horma pinturarekin zer gertatuko den. Legez ezabatu egin beharko lukete, baina agian Banksyrena izan daitekeela pentsatuta bertan laga nahi dute. Paradoxa izango litzateke ezabatu gabe lagatzea artista ospetsuarena delako eta azkenean beste norbaitena izatea. Horrek egiaztatuko luke Donostia kulturaren hiriburua izan beharrean kirtenkeriaren eta zurikeriaren hiriburua dela.
ARTEA. Banksy Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu