Geralekuei, urtaroei, bizitzako zikloei eta hausnarketa kontzeptualei egiten die erreferentzia gaztelerazko Estaciones hitzak. Ideia horietatik guztietatik abiatuta, Bilbao Arte fundazioaren bildumako hamasei artistaren lanak hautatu ditu Petra Joos komisario eta Bilboko Guggenheimeko museo jardueren zuzendariak. Horren bidez, fundazioaren bildumaren interpretazio bat egin du. Beste batzuen artean, Elssie Ansareo, Mikel Eskauriaza, Usoa Fullaondo, Abigail Lazkoz eta Eduardo Sorroulliren lanak ikus daitezke. Ekainaren 9ra bitartean izango dira ikus-gai.
Besteak beste, argazkiak, margolanak, marrazkiak eta bideo bat bildu dituzte. Fundazioaren beka programetan parte hartutako artistek sortutakoak dira guztiak. Hala, Joosen interpretazioa ekartzeaz gain, fundazioaren eta berton aritutako artisten istorioa eraikitzen laguntzen dute: «Bilbao Arte haien ibilbideko geralekuetako bat izan dela erakusten digute artisten lanek», azaldu du Joosek. Hala ere, argitu du erakusketan ez duela izan atzera begirakoa egiteko asmorik: «Artistei zein gain interesatzen zaizkien igartzen saiatu naiz. Nire helburua ez zen soilik Bilbao Artek izan dituen aldiak ekartzea eta garai horietako proiektuak erakustea; gai horiek mahai gainean jarri nahi nituen».
Bide horretan, artisten eta ikusleen arteko hiru topaketa egingo dituzte maiatzean eta ekainean, erakusketa egituratzen duten gaien inguruan eztabaidatzeko. Horietan, performancearen subjektibotasunaren, fikzioaren eraikuntzaren eta nortasun espazioen inguruan arituko dira. Erakusketa Kordobara (Espainia) eramango dute udazkenean. Lanak ez ezik, eztabaida horiek ere ikusi ahalko dira berton, bideoz grabatuko dituzte eta.
Ondarea berreskuratuz
Juan Zapater Bilbao Arteko zuzendariak azaldu duenez, erakusketarekin Bilbao Arteren ondarea berreskuratzeko asmoa izan dute. «Bide horretan, bildumaren gaia egiteko genuen, ez horrenbeste duen balio materialagatik, baizik eta testimonialki oso garrantzitsua delako». Etorkizunerako bildumako lanekin zenbait erakusketa antolatzeko asmoa dutela argitu du. Oraindik ez dakite urtero egingo duten ala bi urtean behin. «Gure funtsetan sartuko gara, Bilbao Arte izan denari buruz gogoeta egiteko. Hori da etorkizuna ahalik eta ondoen planifikatzeko bidea».
Bilbao Arte sortu zenetik, 1998tik, 200 artistak baino gehiagok jaso dituzte fundazioko bekak, eta berton sortutako zenbait lanek osatzen dute Bilbao Arteren bilduma.
Artea, bidea eta geralekua
Arteaz eztabaidatzeko asmoz, Bilbao Arteko bildumako hamasei lan bildu dituzte 'Estaciones' erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu