Arte erakusketa

Artea, botere egituren aurka

Niki de Saint Phalle artista frantsesaren erakusketa jarri du Bilboko Guggeheim Museoak; bihartik ekainaren 11ra bitarte izango da ikusgai

Niki de Saint Phalle artista frantsesaren erakusketa, Guggenheimen. BERRIA
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2015eko otsailaren 26a
13:50
Entzun

“Margotzeak nire arima aztoratzen zuen kaosa lasaitzen zuen. Nire lanean etengabe agertu diren herensugeak baretzeko modu bat zen”. Horiek Niki de Saint Phalle artista frantsesaren hitzak (Neuilly-sur. Seine, Frantzia, 1930-San Diego, AEB, 2002). Eskultorea, margolaria eta zinemagilea izan zen De Saint Phalle, eta feminismoa ardatz hartu zuelako iraultzailetzat jo da. Haren ibilbidearen atzera begirakoa egiten duen erakusketa jarri dute Bilboko Guggenheim Museoan. Parisko Reunion des Musees Nationaux-Grand Palais eta Niki Chaitable Art Fundation laguntzarekin batera antolatu dute. Orotara, 200 artelan eta artxiboko dokumentuak jarri dituzte ikusgai, eta orain arte artistari buruz egindako erakusketa handinahiena dela azaldu dute Camille Morineu eta Alvaro Rodriguez komisarioek. Bihartik ekainaren 11ra bitarte izango da ikusgai.

Kronologikoki eta gaika kokatu dituzte artistaren lanak. Baina denen artean iraunkorra den ildoa du erakusketak: feminismoa eta gizarte arauen kritika, alegia. Rodriguez: “Boterearen egiturak iraultzen aritu zen De Saint Phalle bere ibilbide osoan”. Hori da, hain zuzen, Morineauk behin eta berriz nabarmendu duena. “Politikarekiko inplikazio zuzena zuen artistak. Egin zituen lan guztiak oso politikoak dira”. AEBetan mugimendu feminista indartu aurretik gaia landu zuen De Saint Phallek. Eta emakumeen garaiko rola kritikatzen duten lanak dira Guggenheimen jarritako erakusketaren kontinuuma.

Nana serieko emakume handi eta koloretsuak dira De Saint Phalleren lanen artean ezagunenak. Ikusgai daude horiek ere. Garaiko emakumeen estereotipoetatik askatzen ziren andreak irudikatu zituen horien bitartez. Baina artista frantsesaren ibilbidean badira esanguratsuak diren beste hainbat lan ere. Kasurako, tiroketa margolanen seriea. Igeltsuarekin lanak egin eta margoz betetako poltsak sartu zituen barruan De Saint Phallek. Eskopetarekin tiroz jota apurtzen zituen lanak. Eta artelanaren barruan jarritako poltsak apurtzean, gainalde zuritik zabaltzen zen margo koloreduna: “Patriarkatuaren eta justizia ezaren aurka egiten zuen tiro”, azaldu du Rodrigezek.

Kaleko arteagatik ere ezaguna da De Saint Phalle. Toscanako (Italia) Tarotaren lorategia da egindako lanen artean ezagunena. Horiek ere bildu dituzte erakusketan. Morineu: “Artea herritar guztien esku egotea nahi zuen artista frantsesak, eta ez soilik museoetan. Horregatik murgildu zen kaleko artean ere”. Zinemagilea ere izan zen. 1970eko hamarkadan egin zuen Daddy lehen film luzea ikusgai jarri dute erakusketa areto batean. Sexu gehiegikeriak eta sexuen arteko botere harremanak erakusten ditu filmak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.