Aurreko astean mutil gazte batek Bilboko Guggenheim museoan dagoen Stadel Museumen Herbeheretako eta Flandriako pinturaren Urrezko Aroa erakusketako Booz Elimelecen herentzia jasotzen koadroaren kontra jo zuen. Komunikabideen arabera, erasotzailea ez omen zegoen burutik oso sano.
Ez da lehen aldia norbaitek artelan baten kontrako erasoa egiten duela. Lazlo Toth izenekoak 1972an Vatikanoan gordetzen den Michelangeloren Pietatea mailu batekin eraso ondoren, Ama Birjinari ezkerreko besoa eta sudurra puskatu zizkion. Urte batzuk geroago, 1991n, Florentziako Akademian ikusgai dagoen egile beraren David-i eraso zioten, eta ezkerreko oineko behatz potoloa hondatu. Rembrandten Gaueko erronda koadroak XX. mendean hiru aldiz jasan ditu erasoak.
Erasoen zergatia zein den oso zaila da jakitea, inoiz ez delako kasuaren azterketarik egiten eta burutik ondo ez dagoen jendeari egozten zaizkielako erasoak. Artelanak ukiezinak eta ia sakratuak egin ditugun garai honetan ez dugu ulertzen zein izan daitekeen haien kontra egiteko arrazoia. Eroa izan behar du norbaitek edertasunaren gailurrak diren objektuei erasotzeko.
Baina sarritan pentsatu izan dut ez ote duen artelanak aldarera igotze horrek gorrotoa eta hondatzeko tentazioa eragiten. Gizakia izaki konplexua da, eta, batzuetan, ez da zoroa izan behar bihurria izateko edo araua hausteko gogoa gure barruan pizten dela konturatzeko. Duchampek L.H.O.O.Q. lanean Leonardo da Vinciren Gioconda koadro ezagunari bibotea pintatu zion, eta, keinu xume horren bidez, guztiok noizbait egin nahi genukeen zerbait egin zuen artista frantsesak.
Urrunegi ikusten ditugu artelanak gaur egun, gehienetan segurtasun neurrien atzean, eta horrek artearen normaltasuna eta egunerokotasuna urruntzen ditu. Garai bateko sakratutasun erlijiosoa desagertu beharrean, estetikaren sakratutasuna asmatu dugu, eta museoetan elizetan baino urrunago sumatzen dugu testuingurutik aterata hurbilago ulertu beharko genukeen arte objektua.
Horregatik, agian Stendhalen sindromeak jota, erasotzaileek ezin dute hainbeste edertasun jasan edo, besterik gabe, museoko segurtasun neurriak frogan jartzea izan daiteke erasoen helburua, horrekin komunikabideen arreta bereganatuko dutelakoan. Azkenean gaur eguneko gizarte mediatikoan zeinek ez du bi minutuko ospealditxorik nahi?
ARTEA. Erasoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu