Artea, moda eta musika bilduko ditu Mid_E-k Donostian, etzi

Roberto Etxeberria jostun eibartarraren lanak erakutsiko dituzte, besteak beste, Antzoki Zaharrean

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zortzigarren urtez egingo da artea, moda, irudia eta musika batzen dituen Mid_E jaialdia Donostian, etzi. Sorkuntza proposamenak erakusteaz gain, debatea eta gogoeta bultzatuko ditu aurtengo ekitaldiak.

Roberto Etxeberria jostun eibartarra —Bartzelonan bizi da egun—, Mareunrol's marka sortu zuten diseinatzaile letoniarrak eta Marina eta Javi Xu madrildarrek osatzen duten tandem artistikoa dira aurtengo aldiko protagonista nagusiak. Yox kolektiboak antolatu ohi du Mid_E jaialdia. Yon eta Xabier Martinez Jauregi dira promotoreak. Denis Itxaso Donostiako Udaleko Kultura zinegotziarekin batera aurkeztu zuten ekitaldia atzo. «Sorkuntza garaikideko» ekitaldia dela adierazi zuten, eta arte munduko sorkuntzaren proposamen eta mintzaira berriak gizartera hurbiltzeko xedea dauka jaialdiak. Mid_E-ren barnean udan egin zuten gogoeta artearen joera berriei buruz. Orduan ateratako ondorioak mahai gainean jartzeko garaia iritsi da orain. Arte diziplina desberdinak elkarren alboan jarri eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko abangoardiak erakusteko plaza izan nahi du Mid_E jaialdiak, arlo ludikoari ere garrantzia emanez.

Etzi egingo dute 90 minutuko ikuskizuna Donostiako Antzoki Zaharrean. Roberto Etxeberriak gaur arte egin izan dituen modako lanik aipagarrienak erakutsiko dituzte aurrena, nahiz eta ez den ohiko pasarela izango; bideo irudiak erakusteaz bat, generoari buruzko perspektiba kontzeptuala agertuko dute. Mareunrol's etxeak Epizode 1 bilduma ezagutarazteaz gain, jaialdirako espresuki prestaturiko bideo sorkuntza batzuk txertatuko dituzte ikuskizunean, eta Xuk bi saio egingo ditu zuzeneko bere hainbat musika proiektu erakusteko. Bere kantu propioak eta DJenak uztartuko ditu beste zenbait sorkuntza bisualekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.