ARTEA. Urrezko Aroa titaniopean

Mikel Onandia Garate.
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
'Urrezko Aroa: Stadel Museum-en Herbehereetako eta Flandriako pintura'.

Non: Guggenheim museoa (Bilbo). Noiz arte: 2011ko urtarrilaren 23a arte.

Mikel Onandia

XVIII. mendeko Frankfurten Johan Friedich Stadel bankari eta merkatari alemaniarrak hasi zuen arte bilduma dohaintza eta erosketa garrantzitsuekin handituz joan da ordutik hona. Bilduma hartako Herbehereetako eta Flandriako margogintzaren Urrezko Aroa deritzonaren 130 laneko hautaketa polita ekarri dute den Stadel Museotik Guggenheimera.

Politikoki Espainiako Inperiotik independentzia lortuta, XVII. mende erdirako potentzia ekonomiko bihurtu ziren Iparraldeko Probintzia Batuak; produkzio artistiko oparoa garatu zen orduan -merkataritzaren indarra zela eta kolonietatik ekarritako aberastasunarekin aristokraziaren bizimodua bereganatu zuten merkatari burgesek-. Elite haren etxeetako saloiak apaintzeko egin ziren, orobat, Bilbon erakusgai diren lanak. Burgesiaren eskariari erantzuna emanez oparotasunaren ideal eta ereduak -politikoak, erlijiosoak, moralak- irudietan jartzeko genero askotako pintura modu bat landu zuten margolariek.

Horren adibide argiak ditugu erretratuak. Klase berriaren indar hartzearekin eta indibidualtasunaren sendotzearekin, norberaren irudi jakin bat agertu nahirik enkargatzen ziren halako lanak. Erakusketan mota askotako potretak daude, horien artean Ferdinand Bol, Van Dyck zein Frans Hals-enak aipagarrienetakoak; azken horrek modu bikainean harrapatzen du erretratatutako bikotearen psikologia.

Ez dira falta burgesek gustukoenetako zituzten paisaiak; horietan Herbehereetako dunak, ibiltariak baso eta ibai izoztuetan, merkatariak itsaso bareetan, Haarlemgo kanalen bistak, zein Amsterdamgo burtsa ikus daitezke, kasu. Badira, besteak beste, tamaina txikiko hainbat lan, etxeetako kabineteetan gordeta edukitzen zituztenak, bisitari esklusiboenei erakutsi eta eskuartean izateko eginak ere. Historia eta mitologia gaiak lantzen dituzten lanei dagokienez, kontuan izan behar dugu, Kontrarreformak lurralde haietan arrakasta handia izaki, zuzenean eragin zuela arte erlijiosoa egiteko moduan. Ez ditugu aurkituko, beraz, espainiar ez italiar barrokoaren eszena efektistak, eta bai ostera, Itun Zaharreko pertsonaien ereduzko irudiak -David erregea, esaterako- eta mitologia klasikoenaren berrinterpretazio moralak, Brueghel Zaharra, David Teniers, Rubens zein Rembrandten eskutik.

Ohitura eszenak dira Flandria eta Herbehereetako artearen adibide interesgarrienetakoak; bertan pertsonaia anonimoak agertzen zaizkigu eguneroko bizitzan, normalean bizio txarreko ekintzetan: jai eta parrandak, musikariak, taberna eszenak, emakumeak edan eta erretzen zein lizunkerietan. Horiengandik moralki aldendu nahita izaten zituzten burgesek halako lanak, beraien eguneroko bizimodua, aldiz -ofizioak agertuz, adibidez- modu jasoagoan irudikatua zen. David Teniers Gaztearen Erretzailea taberna batean (1659) dugu aretoko adibide ederrenetakoa.

Denboraren iragazkia

Jan Vermeer van Delft artistaren Geografoa (1669) lanari areto bakarra eskaini diote, beste lanetatik nabarmentzeko asmoz; ospe berezia duen pintorea da, lan gutxi eta oso bereizgarriak baititu, eta, egiaz, zuzenean ikusita, haren margolanak ez dio bisitariari huts egiten.

Bestalde, tradizionalki bigarren mailako generotzat hartzen bazen ere, natura hilak protagonismo handia du Bilboko mostran. Balio tekniko eta alegoriko handiko lanak dira; frutak, animaliak, zilar eta portzelanazko tresnak, loreak, konposizio, kromatismo eta argiztapen bereziaz irudikatuta daude, batzuk apain eta ederrak, beste batzuk arranditsu eta gehiegizkoak, egungo ikuspegitik. Jacob van Es-en Natura hila sukaldeko mahai gainean dauden arrainekin (1635-40) lanak atentzioa ematen du tamainagatik; baina, zinez, lan horien grazia xehetasun txikietan dago.

Margolanek begirada patxadatsu eta lasaia behar dute, eta gustu kontuak gora-behera, batek edo besteak bisitariaren arreta ematen du, pintura lan zinez interesgarriak aurkitu baititzakegu bertan; ez dute kasualitatez denboraren iragazkia pasatu.

Oro har, mostra tradizionala dugu, tematikoki antolatuta, ikusi eta gozatzeko erraza, publiko orokorraren gustukoa izaten diren horietakoa -ziur asko hala izango da hau ere-. Hala ere, halako erakusketen aurrean artegintzaren esangura intelektuala azpimarratu behar dugu, analisi estetiko hutsean jausi ez gaitezen. Artea plazer estetikoen iturri bakarrik ez, ezagutzen iturri ere badugu; horregatik, nahitaez, artelan hauek bere testuinguruan ulertu behar ditugu. Hala, pintoreen abilezia eta dotorezia dastatzeaz gain, irudiaren garaian bizi garen bisitariok orain dela 400 bat urteko imajinen atzean irakurtzen saiatu behar dugu, artelanek garaiko gizarteari buruzko ezaguera, eta aldi berean orainaldiaren gaineko bestelako azterketa bat ahalbidetzen baitigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.