Eskulturak egiten ditu, batez ere, baina ez da eskultorea, «fabrikatzailea» baizik. Batera zein bestera izan, baina, Richard Deacon (Bangor, Gales, 1949) bada nor 70eko hamarkadatik aurrera Erresuma Batuan egindako eskulturagintzan. Hango eskulturagintza berriaren mugimenduko kide, eta garai hartan Europan izandako berrikuntza artistikoen lekuko eta bultzatzaileetako bat. Iruñean izan zen atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Jorge Oteiza katedrak gonbidaturik. Estrasburgoko Arte Moderno eta Garaikideko museoan egin dioten atzera begirakoa hartu zuen abiapuntutzat hitzaldian. «Gogoeta egitera bultzatu nau erakusketa horrek: neure buruari eskultura zergatik egiten dudan galdetzera eta eskulturan garrantzitsua zer den aztertzera».
Eta zein da ondorioa? Zergatik egiten duzu eskultura, eta zer da zuretzat eskulturan garrantzitsua?
Materialak garrantzitsuak dira, baita espazio hutsak ere. Bi horien arteko harremanetan oinarrituz egiten dut nik lan, eta eskultura erabiltzen dut horretarako biderik naturalena iruditzen zaidalako. 7 urterekin izan nuen nire lehen esperientzia eskultorikoa, Sri Lankan nintzela, harri batean egindako marka budista batzuk ikustean. Zerbait kendu zutela ikusi nuen, baina zerbait kentzearekin batera, baita lehen ez zegoen zerbait jarri zutela ere. Espazio negatibo eta positibo horiek batera ikusteak ukitu egin ninduen, eta konstante bat izan da hori nire lanean.
70eko hamarkadan hasi zinen eskulturan lanean, hain zuzen ere, artearen mugak nabarmen zabaldu ziren garaian. Arte kontzeptuala, bideogintza... Aukera mordoa zenuen aurrean, eta zu zeu ere ez zinen eskulturan hasi.
1968an hasi nintzen arte ikasketekin, eta performance-a hasi nintzen lantzen. Horrelakoetarako garaia zen. Hori zen joera: gauzak kolokan jarri, eta, nolabait ere, merkatuari aurka egitea. Gero eskulturara pasa nintzen, baina estudioa erabiltzen ikasi nuen esperientzia hari esker; emaitzari buruzko kezkarik gabe lan egiten.
Eta nola utzi zenituen performance-ak atzean?
Ez nituen atzean utzi. Publikoa da atzean utzi nuena. Ez nuen beharrik ikusten halakoak publikoan egiteko; bakarka, estudioan egin nitzakeen gauzak zirela iruditu zitzaidan.
Gerora ere aritu zara eskulturaren eta giza gorputzen arteko harremana ikertzen, hala ere. Dantzarekin lotutako hainbat pieza egin dituzu.
Bai, badago hor ere performance-ak egiten nituen garaiarekin lotura bat. Herve Robbe koreografoarekin elkarlanean sortu nituen pieza horiek, eta dantzariei beste dantzari batzuk balira bezala erabili ahal izateko moduko objektuak ematen saiatu nintzen. Piezekiko harreman hori baliatuz sortu genuen koreografia. Biak elkarrekin sortu ziren.
Materiala aipatu duzu eskulturaren ezaugarri garrantzitsuenetarikoen artean. Zure lanetariko askotan badirudi badagoela material horiek muturrera eramateko asmo bat. Egurra ikaragarri tolesten duzu, adibidez.
Bai, baina oso-oso luzea da erabili ditudan materialen zerrenda. Berrogei bat material ezberdinekin egindako piezak daude Estrasburgoko atzera begirakoan. Mundua maite dudalako gertatzen da hori, nire ustez; mundua begiratzea gustatzen zaidalako. Gustatzen zait munduaren materialtasuna, mota ezberdineko gauzen bidez izateko duen gaitasuna.
Nahiko berria zen eskulturan hainbeste material erabiltzea zu lanean hasi zinen garaian.
Badago atzerago joatea ere, baina egia da ikaragarri hazi zela eskulturarako erabili zitezkeen materialen kopurua, XX. mende hasieran erabil zitezkeenekin alderatuta. Lehenago ere hor zeuden kubismoa eta suprematismoa, eta 60ko hamarkadan, AEBetako artistekin, indarra hartu zuen denak berriz ere. Edozerekin egin zitekeen eskultura, eta 60ko hamarkadako bukaera aldera, jokaera ere bilakatu zen arterako material. Ikaragarri zabaldu ziren eskulturaren mugak.
Hedatu egin ziren eskultura erakusteko lekuak ere. Zuk zeuk gune urbanoetan integratu dituzu batzuk, museoetan jarri dituzu beste batzuk, eta naturan ere beste zenbait.
Badago eskultura museorako ekintzatzat hartzen duenik. Museoa da eskulturaren etxea haientzat. Niretzat, baina, gurdia idien aurrean jartzea bezalakoa da hori. Artistek sortu egiten dutelako existitzen dira museoak, baina artearen zati bat baino ez da museoetan sartzen dena. Artista gisa, sorkuntzaren mugak behartzen saiatu behar dudala uste dut, hori da nire eginbeharra. Beste espazio eta beste paper batzuetara bultzatzea. Zailagoa da museoaz kanpo aritzea, baina artista museora erretiratzean esanahi mordoa galtzen dira bidean.
Eskultore baino gehiago fabrikatzaile zarela diozu. Zer esan nahi duzu?
Bi zentzu ditu ingelesez fabrikatzaile hitzak. Gauzak sortzen dituena da fabrikatzailea, batetik; eta, bestetik, istorioak asmatzen dituena, gezurrak esaten dituena. Niri ez zait sekula gustatu pentsatzea egia bat ematen dudanik. Nire ustez, artean ez dago halako egiarik, negoziazio baten emaitza da dena.
«Artean ez dago egiarik, niretzat negoziazio baten emaitza da dena»
70eko hamarkadan hasi zen lanean Richard Deacon, eta garai hartan eskulturan izandako berrikuntzen lekuko eta bultzatzaileetariko bat izan da orduz geroztik. Iruñean izan zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu