Polizia agertzen den bakoitzean korrika irten behar izaten dute gaizkileak balira bezala. Kalean margotzea delitua da, eta horrexegatik kamerak saihestu izan dituzte orain arte. Baina euren pasioa eta lan egiteko modua ezagutarazteko tresna baliotsua izan daiteke zinema. Euren lana arriskutsua eta nekeza da, baina pixkanaka gizartearen oniritzia lortzen hasi da. Dolarrak zikinkeria zena artearen mailan kokatu du, eta, kontakizun handiak desagertu diren garai honetan, diruak inposatzen duen egia da nagusi. Banksy izeneko artistaren atzean ezkutatzen den pertsonaren identitateak misterio bat izaten jarraitzen du. Inork ez daki nor den, baina haren lanek sekulako dirutza balio dute merkatuan. Anonimotasuna gorde nahi du kosta ahala kosta, eta Exit Through the Gift Shop dokumental apartan ez du maskara kentzeko asmorik. Bandalo bat zena artista preziatua da orain. Los Angelesen muntatu zuen erakusketara, adibidez, Brad Pitt, Angelina Jolie eta Jude Law gisako aktore ospetsuak joan ziren. Gaur egun kalean egiten den arteari buruzko film interesgarria zuzendu du zirikatzaile ingelesak, Thierry Guetta lagunaren irudiak baliatuz. Entretenitzeaz gain, artearen inguruko hausnarketa egiteko aprobetxatu nahi izan du bide batez. Alabaina, Banksy ez da pelikulako protagonista bakarra, beste hainbat artistari jarraipena egiten baitie Guettak. 2005ean Zisjordaniako harresian hainbat mural egin zituen, eta munduko museorik garrantzitsuenetan mozorrotuta sartu ohi da bere obrak horman eskegitzeko asmoz. Egiten duten artea bat-batekoa da, eta grabatzea ezinbesteko bihurtzen da, hortaz; zikindutakoa garbitzeaz arduratzen baitira ahalik eta azkarren. Kaleko hormetan ez dute inongo baliorik, eta galeria eta enkanteko testuinguruan, aldiz, sekulako arrakasta eduki ohi dute.
Donald Kuspiten aburuz, artea hilda dago. Theodore Roosevelten ustez, arte modernoa ez zen artea, eta askok presidentea bezala pentsatzen jarraitzen dute. Abangoardien ondorioz, parodia, collage-a eta pastitxea nagusi dira egun. Plagio salaketak eguneroko ogi bilakatu dira, baina kopia eta originalaren arteko bereizketa ezbaian ipini zuen aspaldi Benjaminek. Anekdota batek primeran islatzen du Duchampen komunaz geroztik arteak bizi duen egoera. Damien Hirst egungo artistarik preziatuena da, eta ehun pertsonak baino gehiagok egiten dute lan haren aginduetara. New Yorkeko Mayfair galerian obra bat jartzea eskaini zioten; kafe kikarak, hautsontziak, erdi hutsak zeuden zerbeza botilak, egunkari zatiak, goxokien paperak... pilatu eta arte gisa aurkeztu zituen. Gauean garbitzaileak zerrikeria hori guztia ikusi eta garbitzeari ekin zion. Milioiak balio zituen lana desagertu egin zen bat-batean. Artea edonon aurki dezakegu; kaka mokordorik ez da falta behintzat gure kaleetan.
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. Fantasien gatibu
Artearen amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu