Donostiako 59. Zinemaldia

Artearen bila desertuan

François Augieras margolari frantsesaren istorioan oinarritu du Isaki Lacuestak 'Los pasos dobles'

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Desertuan, gerrako bunker batean freskoak margotu zituela utzi zuen idatzita François Augieras pintore frantsesak. Haren hitzetan, soldaduek bere lana suntsitu zuten, eta berriro margoz bete zituen eraikuntzako hormak. Orduan, ordea, bunkerreko atea estali eta desertuko hareak guztiz ezkuta zezan utzi zuen, inork ez zezan bere lana berriro ere hondatu. XXI. mendekoek topatuko zutela espero zuen artistak. Oraindik ez du inork topatu, ezta Miquel Barcelo margolariak ere, zeina duela zenbait urtetatik Malin bizi den. «Bera ibili zen lekuetan bilatu dut, eta sugez betetako bunkerrak baino ez ditut topatu». Inork ez daki benetan existitzen ote den Augierasek margotutako bunker hura. Baina istorio horren gainean eraiki du Los pasos dobles filma Isaki Lacuesta zuzendari katalanak. Barcelo kameraren aurrean pintatzen jarrita ekarri du gogora artista frantsesa.

Paso doble izeneko performance-a egitekoa zen Barcelo Malin, eta hura grabatzeko asmoz joan zen hara Lacuesta. Han zela, baina, ideia aldatu eta film bat egitea otu zitzaion, Augierasekiko paralelismoa ardatz izango zuena. Bi atera zitzaizkion azkenean, gaur Zabaltegi sailean erakutsiko den El cuaderno de barro dokumentalarekin osatu baitu bikotea.

Maliko hainbat ingurutan pintatzen ageri da margolaria. «Beti egin ohi dudana egiten nuen, grabatzen ariko ez balira bezala. Nire lanean beti erabiltzen dut lekuan bertan dagoena, eta Isakik gauza bera egin zuen nirekin», azaldu zuen Barcelok atzo Donostian, filma erakutsi osteko agerraldian.

Margolariaren irudiak beste bi istorio paralelorekin gurutzatzen dira filmean; bunkerra bilatzen ari den gizon talde bat dabil desertuan gora eta behera, eta lapur kuadrilla bat inguruetan. Barceloren Maliko lagun taldetik aukeratu zituzten aktore gehienak, eta haiekin lan eginez joan ahala, istorioa bera ere aldatu zen. «Geure ipuin guztiek haienekin konexioa izateko ideiarekin abiatu ginen. Mitologia guztiak antzekoak dira, eta elkarren artean loturak dituzte». Hasieran pertsonaia abstraktuetan pentsatu zuten, baina aktoreak ezagututa, hainbat eszena aldatu zituzten. «Esaterako, jatorrizko gidoian duelu bat proposatu genuen bi pertsonaien artean, eta biak dantzariak zirela jakitean, duelu dantzatu bat egin zen. Ibilian-ibilian ateratzen dira gauzak. Kontrakoa egiten saiatuta, horma jotzen duzu».

Galderen harira tirabiraren bat ere izan zuen zuzendariak kazetariren batekin. «Film inperfektuak egitea gogoko dut», erantzun zuen batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.