Artearen historia plurala berreraikiz

Artearen historia ikuspegi feministatik aztertzeko, Wiki-historiak Interneteko plataforma sortu zuten Haizea Barcenillak eta Saioa Olmok 2008an.

2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Haizea Barcenillak eta Saioa Olmok Wiki-historiak Interneteko plataforma sortu zuten 2008an, Euskal Herriko artearen historia ikuspegi feministatik berraztertzeko. «Emakumeak Euskal Herriko artearen historian izandako zeregina ez da oso argia oraindik ere», Barcenillaren iritziz; «duda asko ditugu emakume artistek izan duten lekuari buruz». Historiaren idazketaren inguruan ikertu dute. «Askotan ikuspegi bakarra ematen zaigu, gugandik urruna. Badirudi ez dagoela istorio subjektiborik. Ez zaigu historiaren interpretaziorako beste kontakizunik ematen». Historiaren inguruko kontakizunetan, are leku txikiagoa dute emakumeek, Barcenillaren ustez:«Historia gizonezkoen balioen arabera eta haien ikuspuntutik kontatu digute gehienetan». Historia plurala eraiki nahian sortu dute Wiki-Historiak. «Pentsatzen dugu, historiak aberastasuna irabaz zezakeela denok parte hartzen badugu eta artearen inguruan lan egiten duten emakumeek beren memoria eta historiak kontatzen badituzte».

Nahiz eta ikuspegi feministatik eraikitako proiektu bat izan, Wiki-Historiak nahi duen orori zabaldutako plataforma bat da. Izenak esaten duen legez, edozein sar eta alda dezake informazioa. «Wiki bat editatu daitekeen webgune bat da; edonork idatz dezake artikulu bat berton». Haizea Barcenillak, Aloña Intxaurrondietak eta Saioa Olmok moderatzaile lana egiten dute. «Historia pluralean idatzi dugu, historia bakarrik ez dagoelako». Oso harrera ona izaten ari da. Proiektuaren hirugarren fasean ari dira, egitasmoa sortu eta Euskal Herriko artearen historiaren inguruko ikerketa egin eta gero; bultzatzen ari dira orain, emakume artisten inguruko proiektu birekin.Horrez gain, artearen inguruko sare soziala ere bada, eta Plataforma A-ko kideek horretaz baliatuko dira elkar komunikatzeko.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.wiki-historias.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.