Hilberria. Ricardo Toja

Artearen susperraldiaren garaiko margolari bat

Juan Luis Zabala
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ricardo Toja margolariaren heriotzaren albistea zabaldu zuten atzo hainbat hedabidek. Euskal Herriko arte garaikideak 60 eta 70eko hamarkadetan izan zuen susperraldiaren protagonistetako bat izan zen.

Ricardo Toja Landaluze Gordexolan (Bizkaia) jaio zen, 1932an, eta Fernando Maidagan eta Enrique Nieto Ulibarri izan zituen maisu gaztetan. Joven Pintura Bilbaina taldearen sortzaileetako bat izan zen 1951n, Agustin Ibarrola, Javier Murga, Norberto Ariño Garai, Ismael Fildalgo eta beste hainbat artistarekin batera. Bizkaiko Aldundiaren beka bati esker, Madrilen egin zituen pintura ikasketak lehenik, 60ko hamarkadan, eta Oslon gero, Juan March fundazioaren beka bati esker.

Paisaia intimista eta oso pertsonalak egin zituen garai hartan Tojak, Jose Mari Uzelai, Paul Cezanne, Giorgio Morandiren eta, oro har, margolari inpresionista askoren eragin aitortuekin. Uzelairi buruz mintzatzean, Euskal Herriko margolaririk «garrantzitsuena» eta «bereziena» irizten ziola esaten zuen. Jorge Oteizak izandako garrantzia ere aitortzen zuen, batez ere eragile eta bultzatzaile moduan.

Bernardo Atxagak behin baino gehiagotan adierazi zuen estimu handian zuela Tojaren lana, eta abecedarium bat eskaini zion 1992an, artistak 1952 eta 1991 artean egindako marrazkiekin osatutako erakusketa egin zuenean Bilbon, BBKren aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.