Kultur politikak

Arteen eta Kulturaren Kontseilua izango du Gipuzkoak, "gobernantza partekatzeko"

Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzerako, eztabaidarako eta aholkularitzarako organu berria aurkeztu du. Kulturako arlo ezberdinetako hamabost kidek osatuko dute.

Kulturako arlo ezberdinetako hamabost kidek osatuko dute Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseilua. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Ander Perez Argote
2016ko martxoaren 8a
14:52
Entzun

"Kultura partekatua da edo ez da kultura". Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura zuzendariarena da esana. Baieztapen horri balioa eman nahian, Arteen eta Kulturaren Kontseilua eratu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur aurkeztu dute organoa, Donostian, eta bertan izan dira Telleria bera eta Denis Itxaso, Gipuzkoako Kultura diputatua. "Kulturaren gobernantza partekatzeko" tresnatzat aurkeztu du Itxasok Kontseilua, eta haren eginbeharrak zehaztu ditu. Azaldu duenez, "Gipuzkoako kultur politikak orientatzeko tresna" izango da, "erakunde eta gizarte mailako parte hartzea" bultzatuko duena. Era berean, "topaketa, azterketa, hausnarketa eta eztabaidarako" erakundea izango da. Kultur politiken jarraipena egin eta neurri zehatzetarako proposamenak egin ahal izango ditu, baina ezingo du erabaki loteslerik hartu; horretarako eskumenik ez duela argitu du Itxasok. 

Kulturako arlo ezberdinetako hamabost pertsona "adituk" osatuko dute Kontseilua, eta Denis Itxaso izango da presidentea. Berarekin batera, ondorengoek hartuko dute parte organo sortu berrian: Luisa Etxenike idazlea, Rocio Peña arkitektoa, Cristina Beloki Kutxako erakusketa eta arte ondarearen saileko zuzendari ohia, Helena Pimenta antzerkigilea, Ainhoa Garmendia soprano eta Opus Liricako zuzendaria, Iñigo Argomaniz musika ekoizlea, Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi ohia, Jon Maia dantzari eta koreografoa, Fernando Bernues eszena zuzendari eta ekoizlea, Juan Azpitarte artista, Felipe Juaristi idazlea, Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko identitate digitaleko arduraduna, Miren Aperribai zinema ekoizlea, Andoni Egaña bertsolaria eta Borja Kobeaga zinemagilea. 

Horiek denek Gipuzkoak kultura arloan dituen "erronkei aurre egin" beharko diete. Erronka horien artean, kultur sektoreen finantziazioa, kultura digitala, kultur aniztasun eta mestizajea, kulturguneen autogestioa, Tabakalera, Gordailua edota Errenterian eraiki nahi den Arte Eszenikoen zentroa nabarmendu ditu Itxasok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.