Erraldoien artelanak dira Josep Maria Sert (Bartzelona, 1874-1945) margolari katalanaren obrak. Kolore biziko muralak dira haren lan ezagunenak, eta, besteak beste, Donostiako San Telmo museoko elizan marraztu zituen margolan handiak. Dena den, gutxitan izaten da artista baten lanaren atzeko prozesuaren berri jakiteko aukera. Sertek Parisen garatu zuen bere lan artistikoa, eta inorgutxik zuen haren lantegian sartzeko ahalmena. Leonard Mancini artistaren laguntzaile eta modeloa izan zen haren lan mekanismoa ezagutu zuen bakarretakoa, eta estudioan ateratako argazkiak gorde zituen. San Telmo museoak argazki horiek berreskuratu ditu, Bartzelonako Santa Monica Arte Zentroarekin batera, eta muralekin lotutako erakusketa bat antolatu du; gaurtik hasita maiatzaren 20a arte ikusi ahalko da. Bertan, Serten arrakastaren sekretuak azaleratuko dituzte.
Santa Monica Arte Zentroaren erakusketatik ekarritako 48 argazkik osatzen dute erakusketa. Horretaz gain, lehen aldiz ikusgai jarritako hemeretzi argazki gehitu dizkiote bildumari. Maria del Mar Arnus erakusketaren komisarioaren esanetan, artelanen metamorfosia erakusten dute argazkiek: «Serten margolanak suaren kolore bortitzekin eginda daude, eta nabari da haien atzeantitanen tankerako lana egon dela. Manciniri esker, lan ikaragarri horren prozesua nolakoa izan zen ikusi dezakegu». Komisarioak nabarmendu duenez, San Telmoko erakusketak artelanen sormen prozesua eta bukaerako emaitza lotzen ditu: «Artistak bere mundua eraikitzeko zer teknika eta material erabili duen eta zer saioegin dituen jakingo dugu argazkiei esker. Ametsak eraikitzeko prozesuaren antzekoa da, eta Serten izaera abangoardista agerian uzten du».
Bere garaiko margolari askoren antzera, Sertek teknika osagarri moduan erabili zuen argazkilaritza, eta ez elementu artistiko edota estetiko moduan. Argazkien bitartez, irudikatutako eszenak jasotzen zituen, manikiak eta atrezzoa erabiliz. Argazkilaritza bigarren mailako artea zen garai hartan, eta teknika ez zegoen erabat garatua. Baina margolarientzat abantaila handia zen argazkien bidez modu azkar eta zehatzean jasotzea modeloak eta eszenak. Manel Guerrero Santa Monica Arte Zentroaren arduradunaren esanetan, argazki horien laguntzarekin artistaren begirada ezagut dezakete ikusleek: «Argazki hauek ez ziren erakusketa batean jartzeko egin, artearen prozesuan tresna izateko baizik. Hori da bilduma honen elementurik harrigarriena; izan ere, artea sakonki ulertzeko modua eskaintzen du. Artelan bat egiteko prozesua jasotzen du erakusketak, hasierako lehen zirriborroetatik bukaera arte».
Erakusketako argazkiek, zuri- beltzeko mundu grotesko eta bitxi bat erakusten dute. Sertek denetik erabiltzen zuen eszenak eraikitzeko, ondoren, zorroztasun handienarekin margotu ahal izateko. Animalia disekatuak, objektu exotikoak, eskailerak, manikiak, zurezko eta buztinezko eskulturak eta jaiotzetako irudiak erabiltzen zituen, besteak beste. Mancinik, giza gorputzaren anatomia zehaztasun osoz marrazten lagundu zion modelo lana eginez.
Donostiatik Parisera
Sertek Parisen ekoitzi zituen bere lan gehienak, eta harremanak izan zituen orduko artista garrantzitsuenekin. Haren ibilbidea gogoratzeko, Parisko Petit Palais museoak aldi berean beste erakusketa bat egin du San Telmokoarekin batera. Susana Soto San Telmoko zuzendariaren esanetan, Donostiako museoan gordetako Serten marrazkiak bidali dituzte Parisera: «Kasualitatea izan da bi museoek Serti omenaldia egitea. Parisek guk gordetako marrazki handiak eskatu zizkigun, eta gure erakusketa osatuko zuten arren, uste dugu garrantzitsua dela nazioarteko omenaldi horretan parte hartzea».
Margoa arkitekturaren barruan esperimentatu zuen Sertek. Parisen egindako margolariaren obra garrantzitsuenen sormen prozesua erakusten dute argazkiek; esate baterako, Rothchild baroien Lau urtaroak, Wendel hoteleko Sabako erreginaren espedizioa, sir Philip Sassonen Ekialdeko karabanak, Rockefeller Centerreko Gizadiaren garaipenak edota Joshua Cosdeni egindako Sinbad marinelaren abenturak. Horrekin batera, San Telmo museoko margoen eszenak ere jaso dituzte erakusketan, hala nola Eresiak euskal herriari.
Artelanak sortzeko argazkiak
Josep Maria Sert artistak margolan erraldoietan erabilitako teknikak ikus daitezke San Telmo museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu