Artea

Artelekuk Santa Teresa komentuan hasiko du 2014-2015eko ikasturtea

Egungo eraikina hil honen amaierarako hustuko dute, eta proiektu eta zerbitzuetako batzuk beste hainbat gunetan sakabanatuko dira.

Santa Teresa komentua, 2006an zaharberritu zuteneko irudia. A. C., ARP
Juan Luis Zabala
2014ko apirilaren 2a
08:26
Entzun

Arteleku arte zentroak Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentua gune nagusi duela hasiko du 2014-2015eko ikasturtea, Ikerne Badiola Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Saileko diputatuak Batzar Nagusietan egin duen agerraldian adierazi duenez. Udazkenean hasiko den "aro berrian", arte zentroak "azken urteetan izan duen gainbehera" gainditu eta sorreran izan zituen oinarrizko ezaugarriak berreskuratuko dituela espero du Badiolak, hau da, pedagogiara eta formakuntzara bideratutako arte eskola esperimentala izango dela, "ikusgarritasunik gabeko lan isila" egingo duena.

Nahiz eta gune nagusia Santa Teresa komentua izan, arte zentroko hainbat proiektu eta zerbitzu beste leku batzuetara bideratuko dira: 

Dantzagunea. Behin behineko egoitza Errenteriako Niessen aretoan du dagoeneko, eta gero Lekuona gunera bideratuko da.
• Tailerrak. Litografia eta serigrafia tailerrak Debako Arte Eskolan ezarriko dira, uste baino konplikatuagoak gertatzen ari diren egokitzapen lanen ondoren. Argazki tailerraren kokapena zehazteko, Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin hizketan ari dira. Multimendia tailerrak Santa Teresa komentuan kokatuko dira. Artea eta moda tailerren kokapena Balentziaga Fundazioarekin elkarlanean erabakiko da.
• Proiektuak. Santa Teresa komentuan kokatuko dira Audiolab, Arteklab, Mugatxoan eta mugimenduzko irudien laborategia.
• Lagatze espazioak. Santa Teresa komentuan ezarriko dira, baina soilik egitasmo zehatzetarako utziko dira, urteko programazio baten barruan, orain arte baino arau zehatz eta zorrotzagoekin.
• Mediateka. Tabakalerak mediatekaren proiektuaren baitan txertatuko da, nahzi eta hasieran hau ere Santa Teresara eramango den. Pep Espaliuren funtsa familiaren eskuetan jarri da, Aldundiak 1994an sinatutako akordioan zioenari jarraituz.

Arte zentroa bere baitan hartzen duen egungo eraikina —Donostiako Txomin Enea auzoan kokatua— noiz eraitsiko duten ez dakiten arren, apirilaren 7an liburutegiak ateak itxiko ditu dagoeneko, eta erabiltzaileek hilaren amaierarako hustu beharko dituzte beren guneak. Leku aldaketa «Aste Santu inguruan» hasi eta maiatzerako amaitua izatea espero dute. Aurreneko mintegia 2014-205 ikasturtearen hasieran egingo da.

Zentroaren "autonomia" ezinbestekoa da, Badiolaren ustez. Hori bermatzeko, "batzorde artistiko baten osaketa" lantzen hasiak dira; bost edo sei artista eta arte adituk osatuko dute batzorde hori. Horrez gain, programaren koordinatzailea hautatuko da, datorren astean abian jarriko den "prozedura publiko baten bidez". 

Tabakalerarekin elkarlanerako bideak jorratuko dituela esan du Badiolak, baina bietako bakoitzak bere izaera eta filosofia berezia duela orain eta izango duela aurrerantzean. “Arteleku-Santa Teresa” deitu duena artistentzako espazio bat izango dela esan du, pedagogiara eta formakuntzara bideratua eta ikusgarritasunik gabekoa; Tabakalera, aldiz, publiko orkorrari zabaldutako gunea izango da, ikusgarritasun handikoa.

Santa Teresa komentua prestatua eta egokitua dago Artelekuren beharretarako, eta mantentze gastuak 500.000 eurokoak izango direla aurreikusten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.