Artetak eta Hendricksek interpretatuko dute OLBEk ekoitzitako 'Eugene Onegin'

Opera elkarteak lehen aldiz emango du Txaikovskiren drama lirikoa abonamendu denboraldian

Erredakzioa
Bilbo
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak Piotr Ilitx Txaikovskiren Eugene Onegin aurkeztuko du abonamendu denboraldian aurrenekoz. Lau emanaldi eskainiko ditu, ohikoa denez. Larunbat honetan, hilaren 12an, 15ean eta 18an emango dute Euskalduna jauregian. Scott Hendricks baritono estatubatuarrak jokatuko du Txaikovskiren drama lirikoko pertsonaia nagusiaren rola, alegia, Alexander Putxkinen izenbereko nobelako aristokrata berekoi eta gogaikarriaren rola. Eugene Onegin izeneko gizona Tatianaren amodioaren esperoan bizi da, etsiak jota. Ainhoa Artetak antzeztuko du emakumearen pertsonaia.

Michal Znanieckik zuzenduko du ekoizpena, indar handiko azken hondamendia barne, zeinetan Onegin eta Tatiana zoriona lortzeko pauso batera egon direla jabetuko diren; berandu, ordea. Aukera pasatzen utzi dute.

Txaikovskiren operaren «indarra eta heldutasuna» nabarmendu ditu Artetak. Lanean aurrera, oholtzan izango den izotzaren eta Onegin pertsonaiaren arteko metafora gertatuko dela azaldu du sopranoak. «Urtuz joango dira, txikiago eginez, deseginez».

«Opari bat da»

Artetaren iritziz, ezein opera abeslarirentzat «opari bat da» Eugene Onegin. Nerabe ameslariarena egin behar dueneko lehen partetik heldutasuna lortu arteko amaierara arte. Azken zati horretan sineste sozialak bere zorionaren gainetik ezarriko ditu Tatianak. Obraren hasieran zein akaberan zailtasun tekniko handiko pasarteei aurre egin beharko die Artetak, erregistro arras desberdinei.

Ismael Jordi, Irina Zhitinska, Annie Vavrille, Stanislav Shevts, Nadinne Weissmann, Mikeldi Atxalandabaso eta Fernando Latorre abeslariak ere ariko dira, Hendricks eta Artetarekin batera. Eta Hungariako Szegedeko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu Txaikovskiren partiturak, Miguel Angel Gomez zuzendari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.