Arthur Penn hil da, 'Bonnie and Clyde' eta 'The Chase' filmen zuzendaria

60ko hamarkadan egin zituen bere lan ezagunenak, eta gai politikoak eta sozialak landu zituen filmetan

Agentziak
Los Angeles
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
AEBetako gizartea hainbat filmetan erretratatu zuen Arthur Penn zinemagileak. Garaiko arazo politiko eta sozialak azaleratu zituen Bonnie and Clyde eta Little Big Man filmen zuzendariak. Urtebete inguru zeraman gaixo, eta herenegun gauean zendu zen, 88 urteak bete eta hurrengo egunean.

Telebistan eta antzerkian hasi zuen zinemagileak bere ibilbidea, 1950eko hamarkadan. Garai hartan egin zuen bere debuta pantaila handian, The Left Handed Gunwesternarekin. Billy the Kid desmitifikatzen zuen gaztearen rolean aritu zen Paul Newman gaztea film hartan, Pennen gidaritzapean. 1962an egin zuen hurrengo filma, The Miracle Worker, Anne Sullivanen bizitza kontatzen zuen antzezlana egokituz, eta Oscar sari bana eraman zuten Anne Bancroft eta Patty Duke aktoreek. Film horri esker jaso zuen zuzendari onenaren Oscar sarirako lehen hautagaitza. Gerora beste bi alditan jaso zuen izendapen bera.

Gai politikoak eta sozialak islatzen zituzten Pennen lanek garai hartan. Horren adibide daMickey One (1965), Warren Beatty protagonista duen umore beltzez estalitako makartismoaren parabola. Bere lan adierazgarrienetakoa filmatu zuen urtebetera, The Chase. Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford bere aginduetara aritu ziren AEBetako arrazakeria, indarkeria eta ustelkeria erretratatzen zituen lanean.

1967an berriro egin zuen topo Warren Beattyrekin; eta harekin eta Faye Dunawayrekin filmatu zuen AEBetako zinemaren lanik ezagunenetakoa bihurtuko zena, Bonnie Parker eta Clyde Barrow banku lapurren bizitzaren inguruko Bonnie and Clyde filma.

Alice's Restaurant (1969) eta Little Big Man (1970) izan ziren bere hurrengo filmak. Marlon Brando edo Jack Nicholsonen mailako aktoreak zuzentzen jarraitu zuen hurrengo lanetan ere. 1980ko hamarkadan egin zituen filmek, ordea, ez zuten arrakasta handirik izan, eta telebistara itzuli zen.

Bere garaiko zinemagileek, Bigarren Mundu Gerra bizi izanagatik, egungoek baino konpromiso politiko eta sozial handiagoa zutela esan izan zuen Pennek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.