Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Artista pobrearen mitoa

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Remedios Zafrak, El entusiasmo liburuko pasarte batean, sormenarekin edo kulturarekin harremana duten lanei buruz zera esaten du: «Berotasuna [«el entusiasmo»] esplotazioa legezkotzat jotzeko argudio moduan erabili daiteke, ordainketa esperientziaren bidez gauzatzeko (...) bere bokazioaren inguruan orbitatzen duen zerbaiti dohainik dedikatzera konformatuz, denborarekin urrunduz doan etorkizun batean inbertituz, edo beste era (immaterial) batera kobratuz; jar dezagun, esperientziaz, ikusgaitasunaz, estimuaz, errekonozimenduaz, jarraitzaileez eta like-z, bere bizi-espektatiba zauritu eta bere harrokeria minimoki elikatzen dutenak».

Pena da, baina asmatzen du. Bere ikasleei buruz hitz egiten du liburuan, nola gehienek hasieran erakusten duten artearekiko edo proiektu jakin batzuekiko pasioa neutralizatu, eta uzten bukatzen duten, gure gizartean jartzen ditugun trabak direla eta, eta merkatuak, hainbeste errespetu diogun kontzeptu horrek, agintzen duenera makurtuta gauden heinean, nola askok amore ematen duten, klase-faktoreek duten garrantzia dela eta.

Ildo horri tiraka, hainbeste elikatu den mito batekin kritikoa da; artista pobrearen mitoa, elikatzeko ez, baizik eta pintatzeko bere zentimoak gastatzen dituena. Esaten du, normalean, figura horiek familia onetan heziak zirela, eta gerora hartutako erabaki bat izan zela «gauza materialei uko egite hori», luxua, ondasuna baztertzea, bere pasio intelektualean murgiltzeko. Benetan pobrea denak oso zaila izan duelako beti denbora ilustratu batekin ere amestea, sorkuntza desiratzea.

Eta mito horrek, beste arrazoi batzuen artean, segur aski, dio, oraindik min handia egiten du. Kulturarekin edo sorkuntzarekin harremana duten lanbideetan, pasio purua sakrifizioarekin lotzen dugulako; erosotasunari eta monetizazioari uko egitearekin; bizitza materiala bizitza espiritualetik bereizten dugulako, gorputza arimatik, eta hori bai dela ideia perfektua, pentsamendua, ezagutza beti berdinek eraikitzeko, eta horrela, ahots hori ez entzuteko galdezka «zergatik daukazue hainbeste, eta guk ezer ez?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.