Hala deitzen dioten arren, ez da saria. Horixe du kexa Laida Aldaz artista eta dantzariak (Etxarri Aranatz, 1980), eta horixe Nafarroako Artista Gazteen Topaketak lehiaketako arte plastikoetako bigarren sariari uko egiteko arrazoia. Adriana Sotelo artistarekin batera sorturiko Shopping List izeneko instalazioagatik hautatu zuen epaimahaiak sarituen artean. Artistaren lana bultzatu eta promozionatzea da, lehiaketaren oinarrien arabera, topaketen asmoa, baina, Aldazek dioenez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak ez du promozio planik, ez eta asmorik ere. Gainera, erakundeakbereganatzen ditu saritutako lanen gaineko egile eskubideak. «Guk egin behar dugu gure lanen promozioa, baina horrekin lortutakoa haien eskuetara doa. Ez dut hor saririk ikusten», azaldu du Aldazek.
Uko egin diozu sariari, hura onartuz gero zure obra hil egingo dela argudiatuta. Zergatik diozu hori?
Saria irabazi nuela jakin nuenean, nire instalazioarekin zer gertatuko zen galdetu nien Nafarroako Gazteriaren Institutukoei. Instalazioa erakusteko lekurik ez zegoela esan zidaten, baina hari argazki bat atera eta Institutuan jarriko zutela, eta obraren zati bat gordeko zutela. Erakusketarik egiteko asmorik ba ote zuten ere galdetu nien, baina ezetz esan zidaten, hori zela proposatzen zidatena. Ez zitzaidan proposamen egokia iruditu, nire instalazioa ez delako argazki bat, instalazio oso bat baizik, eta hura zatitzea eta harekin ezer ez egitea ez zitzaidan ideia ona iruditzen. Lehiaketako oinarrietan esaten dute artea sustatzen dutela, baina, nire iritziz, hori ez da artea sustatzea, deuseztatzea baizik.
Oinarrietan esaten denez, gainera, Nafarroako Institutuak jasoko lituzke obraren gaineko egile eskubideak.
Bai, mundu osorako, gainera. Horrek esan nahi du, nik instalazioa nire aldetik mugitzen badut, haiek jasoko dutela nik lortzen dudan dirua. Ez dut uste plan egokia denik.
Baina oinarrietan esaten denez, artista gazteen lanak sustatzea da lehiaketaren helburua.
Hori esaten dute, baina erakusketarik egingo ez zutela jakitean, sustapena nola egingo zuten galdetu nien, eta ez zidaten erantzun. Eta sustapenik gabe, ez zait interesatzen lana haien esku uztea.
Iaz bi sari irabazi zenituen lehiaketa horretan bertan, bideo eta instalazio banarekin. Antzekoa zen egoera?
Aurten bezala, iaz ere ez zen arte lanak sustatzeko planik egon, baina ez zituzten egile eskubideak bereganatu. Adriana eta biok prest geundeke aurtengo instalazioaren eskubide horiek haien esku uzteko, baina betiere lana sustatuko balute. Halakorik gabe, guretzat ez da interesgarria eskubide horiek galtzea. Eskubiderik eta sustapenik gabe, egindako lanak ez du fruiturik, eta, beraz, ez dugu ikusten zein den sari honen saria.
Arte eszenikoetarako ere aurkeztu duzu lan bat, baina epaimahaiak finalaurrekorik ere ez egitea erabaki du, kalitaterik ez dela argudiatuta.
Bi modalitateetan aurkeztu ditut lanak: arte plastikoetan eta arte eszenikoetan. Arte eszenikoetan nirekin izan duten jarrera ere ez zait gustatu. Oinarrietan esaten da saria eman gabe utz dezaketela, baina ez finalaurrekoa bertan behera utz daitekeenik. Azalpenak eskatu nizkien, baina ez zidaten erantzun. Epaimahaiarekin bilera bat ere eskatu nuen, baina ez zidaten eman. Lehiaketaren bidez artisten parte-hartzea sustatzen dutela diote, baina ez dut ikusten nola. Azalpenik gabe, sentitzen dugu ez gaituztela kontuan hartzen.
Saria badago,baina ez programarik. Hori da zure kexa nagusia?
Bai. Hori da arrazoietako bat; arte eszenikoetan gertatua da bestea. Aurkeztutako piezak kalitate gutxikoak direla diote, baina ez dituzte ikusi: bideoak ikusi dituzte soilik. Eta lan eszeniko bat ezin da baloratu bideoen bitartez, baizik eta lanen aurkezpenaren bitartez. Gauzak ez dira ongi egin.
Itxurakeriagatik edo utzikeriagatik?
Haiek erantzun behar liokete horri. Nik, sariari uko eginda, pentsatzera bultzatu nahi nituzke. Irregulartasun dezente ikusi dut, eta ez naiz babestuta eta baloratuta sentitu. Azkenean, eman didaten aukera bakarra hau izan da: ezetza. Haiekin hitz egiten saiatu nintzen, baina ez zidaten aukerarik eman, eta sariari uko egin ondoren soilik azaldu dira prest. Eta garrantzitsua iruditzen zait artistaren eboluzioarentzat harreman hori. Lehiaketa honek sustatu beharko luke iritzien arteko trukea, baina bilerarik gabe ez dago inolako trukerik.
Sariari uko egiteaz gain, Nafarroako Gazteriaren Institutuan eskatua zenuen sorkuntzarako laguntza baten eskaria ere kentzea erabaki duzu.
Sentitzen dut Institutuak ez nauela errespetatu, ez naiz identifikatuta sentitzen haien politikarekin, eta ez zait koherentea iruditzen haien diru laguntzarik jasotzea. Gauzak ongi eginez gero, agian, eskatuko ditut berriz laguntzak.
Bruselan bizi zara, baina nola ikusten duzu Nafarroako artearen egoera? Sariketarena sintoma bat da?
Nik Nafarroako Gobernuaren eskutik diru laguntza jaso nuen ikasketak kanpoan egiteko, eta beti saiatzen naiz kanpoan egiten ditudanak hona ekartzen. Dirua jaso dut, eta erakutsi nahi dut zer egin dudan diru horrekin. Erraztasunak baino gehiago, ordea, zailtasunak jartzen dizkidate hori lortzeko. Trabak jartzen zaizkie kanpoan diren artista nafarrei beren lanak Nafarroan erakusteko. Handiagoak dira jartzen diren oztopoak, ematen diren erraztasunak baino. Hemen ezagutzen ditudan artista asko ere ez daude batere pozik Nafarroako artearen egoerarekin, eta azkenaldian gero eta ozenagoak dira ahots horiek.
Laida Aldaz. Artista eta dantzaria
«Artistoi gure lana erakusteko trabak jartzen zaizkigu Nafarroan»
Laida Aldazek ezetz esan dio Nafarroako Artista Gazteen Topaketak lehiaketako arte plastikoetako bigarren sariari, sariketak sortzaileen lana bultzatzeko eta zabaltzeko helburua betetzen ez duelakoan. «Sustatu baino gehiago, deuseztatu egiten du», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu