«Bere burua etengabe zalantzan jarri ezean, museo batek ezin du aurrera egin». Daniel Castillejorenak dira hitz horiek, arte garaikideari eskainitako Artium zentroko zuzendariarenak. Larunbatean hasiko den erakusketa denboraldi osoa hartuko duen egitasmo berriaren manifestutzat ere har daiteke esaldia. 35 urte bete dituela-eta bere buruari begira jarri da museoa. Bere bilduma berrinterpretatu eta berriz aktibatzera deitu ditu museoaz kanpoko hainbat artista eta erakunde, eta urte osorako egitaraua osatu dute ardatz horrekin. Egonaldiak izendatu dute ekimena, eta azpititulu informatiboagoa ere jarri diote: Artium bildumaren inguruko lehengoratze jarduerak.
Lau ataletan banatu dute bildumaren gaineko berrinterpretazioa komisarioek; lau egonalditan. Areto osoa hartuko dute lau proposamenek, baina txandakatuz joango dira sasoiak aurrera egin ahala. Valentina Romarena izango da lehen egonaldia, eta bildumako bederatzi lan izango ditu oinarri. Rodriguez Fundazioarena izango da bigarren egonaldia, eta ondareari buruzko gogoeta bultzatuko du, besteak beste, horman ikusgai jarri dituen Artiumen bildumako 3.000 lanen argazkien fotokopiekin. Bulegoa z/b proiektuarena izango da hirugarren, eta Jorge Oteizaren lan bat izango du ardatz. Eta Laura Trafi-Pratsena izango da azken berrinterpretazioa.
Paperezko protesta
Jenny Marketou artista greziarraren ekimen bat ere hartuko du Artiumek erakusketa sasoi honetan. Abenduaren 11ra arte Gasteizen izango da artista, eta bisitarien parte hartzea bultzatuko duten tailerrak antolatuko ditu. Paperez egindako janzkiak sortuko ditu bisitariekin, eta edozer idazteko aukera emango die. Manifestazio bat ere egingo dute gero. «Hitzak jantzita, gorputzak aktibatuko du mezua, eta hizkuntza akzio izango da», dio artistak.
Esther Ferrer artistak, berriz, erakusketa propioa izango du, eta ostiralean aurkeztuko dute.
Artiumek bere bildumaren interpretazio berriak bultzatuko ditu sasoi honetan
Jenny Marketou artistak ikusleek parte hartzea bultzatuko du paperezko janzkiak sortzeko tailerrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu