Gasteizko Artium museoko bisitarien arretarako langileak hurrengo hiletan kaleratzeak egongo diren beldur dira. Hala, mobilizazioetan dira uztailaz geroztik, eta datozen egunetan hiru lanuzte egingo dituztela iragarri dute: irailaren 4an, 9an eta 11n. Gainera, konponbiderik ezean, hilaren 15etik aurrera, greba mugagabea hasiko dutela berretsi dute goizean egindako protestan. ELA eta CNT sindikatuek babestu dute deialdia.
Azpikontratatuta daude zerbitzuko hamasei beharginak, baina hurrengo adjudikazio deialdian murrizketak datozela salatu dute. Hortik kaleratzeen beldurra. Museoak dioenez, ordea, ez dago murrizketarik aurreikusita arreta zerbitzua adjudikatzeko lehiaketa berrian. Zuzendaritzak ukatua du, halaber, aurrekontu txikiagoa izango dela arreta zerbitzurako. Bi aldeak harremanetan dira, eta, ELAren arabera, langileak Arabako Foru Aldundiarekin ere jarri dira kontaktuan.