Zinema. Estreinaldiak

Artxibo sekretuetako istorio harrigarriak

Diplomazialari estatubatuarren Teherango bahiketa da Ben Afflecken 'Argo'-ren oinarria

Ben Affleck bera du protagonista Argo filmak. Z / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Fikzioa dirudi, baina nonbait egiaz gertatu zen. Zaila da jakitea zenbateraino den asmazioa, zenbateraino kronika politikoa, urte luzez auzi sekretua izan baitzen. Eta CIA tartean egonik, hobe da mesfidatia izatea. Azken finean, AEBen segurtasun nazional saindua dago jokoan.

Argo operazioa 1980. urtean egin zen, urtebete lehenago Teherango enbaxadan bahitutako diplomazialarien bahiketaren ingurumarian. Horietako batzuek ihes egitea lortu, eta Kanadako enbaxadorearen etxean ezkutatu zituzten. Hortik aurrera, ez omen zen haiek Irandik ateratzeko modurik. Giroa gori-gori zegoen, eta diplomaziarako ate guztiak zeharo itxita zeuden.

Kontua lehenagotik zetorren. Iraultza islamiarra gertatua zen Iranen, xah-aren diktadura amaitzea lortu zuen matxinada. Gobernu eta sistema berria ezarri eta iraganarekin kontuak garbitzea izan zen agintari berrien lehen asmoa. Baina ordurako xah Persiakoa ez zegoen herrialdean, AEBetara joana zen tratamendu mediko baten aitzakian, eta han babesa eman zioten.

Estatubatuarren jokabidearekin suminduta, manifestazio baten amaieran herritar talde batek AEBetako enbaxada okupatzea erabaki zuen. Barnean zeuden diplomazialariak gatibu hartu zituzten. Bi herrialdeen arteko harremanak ez dira azken urteotan bereziki samurrak izan, baina orduan tentsioak goia jo zuen.

Hala ere, sei diplomazialarik enbaxadatik ihes egitea lortu zuten. Ez zekiten nora jo; iraultza egin berria zuen herrialde arrotz batean zeuden. Ohituta zeuden mundu hori kristal baten atzealdetik ikusten, eta orduan egoera guztiz bestelakoa zen. Kale gorrian zeuden, etsaiaren lurraldean. Azkenean, Kanadako enbaxadorearengana egin zuten. Horrek hartu zituen, nahiz eta jakin oso erabaki arriskutsua zela.

Sekretupeko afera

Hurrengo hilabeteotan CIA, haiek herritik ateratzeko, hainbat aukeratan aritu zen lanean. Baina ez zuen ematen modurik zegoenik operazio egokia aurrera eramateko. Harik eta Argo aukera agertu zen arte. Hasiera batean, txiste bat ematen zuen; azkenean, hori izan zen diplomazialariak Irandik ateratzeko bidea.

Tony Mendez agente eskarmentuduna herrialdean sartu zen, pelikula bat egin behar zuen ekoizle baten nortasun faltsuarekin. Kanadako Gobernuaren laguntzaz, herrikideak Irandik ateratzea lortu zuen, filmaketa taldeko kideen tokian jarrita.

Hori da, bederen, guregana ailegatu den istorioa. Izan ere, afera osoa sekretupean egon zen, 1997. urtean Clinton presidenteak sekretua kendu zion arte. Hiru urte geroago, Mendezek berak liburu bat idatzi zuen, gertatutakoa jasoz. 1990. urtetik CIA utzia zuen Mendezek. Dena den, liburuan kontatzen zituen gertaera harrigarriek ez zuten aparteko oihartzunik izan.

Hainbat urte geroago, 2007an, Joshuah Bearman kazetariak Argo operazioaren berri eman zuen Wired aldizkarian. Istorio horrek Grant Heslov eta George Clooney ekoizleen arreta piztu zuen, eta filma egiteko eskubideak erosi zituzten. Zuzendari egokia falta zitzaien. The Town amaitu zuenean, Ben Affleckek istorioa filmatu nahi zuela esan zien.

Aktore ezaguna izanik, zuzendari lanetan nabarmentzen ari da bereziki Affleck. Ibilbide laburra du, baina oso sendoa. Kameraren atzealdean jarri aurretik, gidoilari gisa gazterik lortu zuen arrakasta Affleckek. 1997an 25 urte zituen, eta, Matt Damon lagunarekin batera, Good Will Hunting izeneko gidoia idatzi zuen. Gus van Santek eraman zuen pantaila handira, eta pelikulak arrakasta handia izan zuen. Eta Affleckek eta Damonek gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuten.

Hamar urte geroago etorriko zen Affleckek zuzendutako lehen pelikula. Gone Baby Gonethriller harrigarria egin zuen, hamarkada horretan egin den lehen pelikularik onenetakoa. 2010ean, berriz, The Town egin zuen; ez zegoen lehenengoaren mailan, baina hori ere oso film indartsua zen. Argo da zuzendari lanetan egin duen hirugarren pelikula, eta iragan hilabetean Donostiako zinemaldira etorri zen hura aurkeztera.

'ARGO'

Zuzendaria: Ben Affleck.

Aktoreak: Ben Affleck, John Goodman, Alan Arkin, Bryan Cranston, Taylor Schilling, Kyle Chandler, Victor Garber, Michael Cassidy.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 120 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta azaroaren 7an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.