Artzaingoa eta mendia galtzen ari, ardi manex buru beltza ere larri, fatalitatean erortzeko arriskua hortxe. Baina beti negar egiteko partez, komikiko protagonista den Okatxu axuriaren bidea hartu eta hegal egitea, hara, nonbait, zein izan zen elkartearen asmoa. Baikorrak izateko premiagatik eta artzaingoa gaurkoa eta bizia den zerbaiten gisa aurkezteko etorri zitzaien komikiaren ideia. «Ez dugu museoko pieza bat bilakatu nahi», Pantxo Etxeberri artzainak laburbildu du komikiaren aurkezpenean. Artzaingoaren mundu aberatsa aurkezteko bide bat nahi zuten. «Ofizioa defendatu nahi dugu iraunaraziz. Eta iraunarazteko behar dugulako ezagutarazi», betiere Etxeberriren hitzetan. Eginahala publiko zabal bati zuzendua eta euskaraz, hori ere gaurkoa eta bizi delakoan.
Desafio horri erantzuteko, Asisko Urmeneta marrazkilariarengana joan dira. Eta horrek Mattin Irigoien idazle, antzerkigile eta gidoi idazleari ere eskatu dio laguntza. Adur Larrea daltonikoaren kolore biziek piztu dute emaitza. Kukuxumuxu ere izan dute partaide. Horiek ere pozik, beren ikono bilakatua den ardiari biografia bat egiteko aukera zutelakoan. Kepa Altonagaren laguntza izan dute hizkuntzarako. Garaztarrez idatzia da, ahozkotasunari garrantzia ematen diona, baina Durangorako ere ulergarri izateko gisan.
Transgresiorako atea
Azkenean, bizitzen hasi da Okatxu. Bere inguruko artzain, ardi zahar, xakur, zerri eta besteekin betan. Bakoitza pertsonalitate landukoa, eta betiere, irria sortzeko asmoarekin pentsatua. Hori bai, Okatxu axuriaren begietatik da dena ikusten. Biziaren hasieratik bukaeraraino. Bada errealitatetik eta fantasiatik ere. Uste edo mito anitz ere kontrako zentzutik hartzen dituzte. «Komikia transgresiorako ate» baten gisa hartu baitute, Irigoienek erran duen bezala. Transgresioak lagundu ditu topikoetatik urruntzen. Artzaina ez museoan sartzeko, justuki. Arriskuak bat baino gehiago zituzten, gainera, Irigoienek zehaztu duenez. Lehena «barne turismoa» egitea zuten; bigarrena, etnologia; hirugarrena, «euskalkeria. Euskalduntasunaren apologia»; eta azkena, «politikoki zuzena». Horren saihesteko indar egin dute. Oraindik bizi den artzaingo horrek eman die nondik tira.
Emaitzak irakurketa bat baino gehiago eskaintzen ditu. Gaztetxo, nerabe eta helduentzat eskuragarri izateaz gain, artzain munduan dabiltzanak «ezagutuko du bere burua», baina hortik urrun daudenak ere izanen du zer ikas. Pello Zubiria Argia-ko zuzendariaren albokoak irakurle gisa honelaxe deritzo: «Esfortzu bat egin behar da gidoia segitzeko, euskara harrapatzeko, baina plazera bilakatzen da gero».
'Okatxu'
Gidoilaria: Mattin Irigoien.Marrazkiak: Asisko Urmeneta.
Koloreak: Adur.
Argitaratzailea: Argia.