Asel Luzarraga: «Gizarte junkie batean bizi gara»

'Utopiaren itzalean' nobelan, gogoeta egin du 80ko hamarkadako ajeez eta egungo gizarte eta ekonomia ereduaz

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Josu Exposito, Eskorbutoko gitarrista eta abeslaria hiltzen den egunean bertan aterako da desintoxikazio zentrotik Utopiaren itzalak nobelako pertsonaia nagusia, Josu izeneko gaztea. Drogen mende bizitzeari uko egiteko adorea eta kemena bildu ditu, eta enpresaburua den osaba baten etxera joango da bizitzera. Itzaletik argirako bidea egingo du, horrenbestez. «Baina denok dakigu: itzalak ez dira inoiz guztiz desagertzen, beti daude argi-ilunak», ohartarazi du idazleak.

Asel Luzarragak (Bilbo, 1971) 90eko hamarkadaren hastapenean, 1992an girotu du Txalaparta argitaletxearekin plazaratu duen nobelako kontakizuna. «Utopia guztiak hiltzat eman nahi izan zituzten hamarkada horretan, eta oso aproposa da bestelako mundua proposatzen duten ideiak inoizko bizien daudela aldarrikatzeko», adierazi du idazleak.

Haatik, 80ko hamarkadako doinuek itzal handia dute lan osoan-ez bakarrik musikalek, ideologikoek ere bai-. Baina begi kritikoz ere begiratu dio nerabezaroan indar bereziz bizi izan zuen garai hari. Izan ere, 80ko hamarkadak 90ekoan lagatako ajeak dira nobelaren paisaia eta giroetako bat. «Punkaren eztanda, Euskal Rock Erradikalaren sorrera... Garai horiek izugarri gozatu genituen, baina iruditzen zait mitifikatu egin ditugula. Oroitzapen oso onak dauzkat, baina itzal handiak ere izan zituzten. Jende asko geratu zen drogak harrapatuta». Bilbo eta Mundakan kokatzen da, batik bat, Utopiaren itzalak. «Bilbon eragina izan zuen drogak, baina Mundaka eta Bermeon are handiagoa izan zen triskantza». Hortaz, nobelan orduko eta egungogogoetak tartekatu ditu, pertsonaien ibilerekin.

Josu eta haren osaba Arturrekin batera, Lauritak, neska boliviar indigenak osatuko du pertsonaien hirukia. Osaba eta ilobaren arteko harrema samurtzen eta gozoagotzen lagunduko du. «Kontrapuntua izango da». Izan ere, Josu eta Arturren arteko harremana gizartea islatzeko metafora gisa baliatu du Luzarragak. Uste baitu «gizarte junkie batean» bizi garela. Autosuntsitzearen bidean, gehiegizko kontsumoan oinarritzen den gizartean alegia.

«Ez da kasualitatea» Laurita indigena izatea. «Banuen gogoa beste errealitate batzuen berri emateko». Hego Amerikako indigenen egoeraz mintzatzeko, eta bidenabar, euskal diasporarekiko ikuspegi kritikoa azaltzeko. «Irudi bukolikoa ematen zaigu askotan, euskal folklorea gordetzea zeinen polita den eta abar. Baina errealitatea bestelakoa ere bada: euskaldunak kanpora joan garenean, gehienetan, genoziden alde egon gara, portaera arrazistak izan ditugu, diktaduren alde jarri gara...».

Luzarragak dioenez, Hego Amerikara heltzean jabetu zen euskal herritar izanik ez zuela harro sentitzeko motibo handirik, «jakina, diasporako euskal komunitatearen barruan jende zintzoa eta zoragarria ere baden arren».

Txilerekin zerikusirik ez

Urte hasieran Txilen bere aurka abiarazi zuten auzibideak nobelan inolako eraginik izan ez duela esan du Luzarragak. Bermeon ekin zion idazteari, Buenos Airesen jarraitu zuen eta Temucon amaitu, Txilen, artean justiziarekin arazorik ez zuela. Atxilotu eta espetxean sartu zutenean, nobela dagoeneko Mikel Soto Txalapartako editorearen esku zegoen.

Orobat, «lizentzia txiki bi» hartu, eta beste horrenbeste anakronismo egin dituela ohartarazi du Luzarragak: «Markos Zapiainen testu bat aipatu dut, eta, noski, bere liburua geroagokoa da. Ohar gisa sartu behar izan dut, liburua aipatu gabe. Horretaz gain, beste testu batean neoliberalismoa aipatzen da, eta testua idatzi zeneko garaian neoliberalismoaz ez zen larregi hitz egiten, geroago etorri den zerbait izan da», azaldu du idazleak.



«Orain arte egin dudan nobelarik ideologiko eta anarkistena da hau»

Hausnartzeko eta teorizatzeko ez ezik, bizimoldea antolatzeko ere baliatzen du Luzarragak anarkismoa. Eta bazuen «gogoa» zenbait pentsalariren obrei heldu eta «hausnarketa ideologikoa» egiteko. Ondorioz, erreferentzia ugari ageri dira obran aurrera; besteren artean, George Orwellen 1984. Pentsalari anarkistek ere itzal handia dute Luzarragaren gogoetetan: Bakuninek, Malatestak... Luzarragak zalantza izpirik gabe dio orain arte ondu duen «nobelarik ideologikoena eta anarkistena» dela Utopiaren itzalean. Dioenez, ez du mundua aldatzeko «errezeta zehatzik»; «horregatik, galderak eta hausnarketak planteatu ditut». Moral bikoitzaz ere jardun du liburuan. «Indarkeria gaitzesten dutenek soilik botereari aurre egiten dion indarkeria arbuiatzen dute». Hortaz, indarkeriaren inguruan «diskurtso hipokrita» dagoela uste du. «Inork ez du esaten Coca-Cola talde terrorista dela, edo Nestle, edo CIA, hala diren arren, jendea hiltzen dutela jakina den arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.