Asier Mendizabalek egindako hausnarketen arrastoetan

Ordiziar artistaren sei obra daude Veneziako Bienalean, hainbat gunetan banatuta

Ismael Manterola
Venezia
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Harritu nau Asier Mendizabalen zenbat lan dauden aurtengo Veneziako Biurtekoan. Artistaren presentzia iragarri zutenean, lan bakarren bat aukeratu ziotela uste nuen; horregatik, bigarren lana ikusi genuenean artista euskaldunak presentzia handia zuela iruditu zitzaigun. Hirugarrena eta laugarrena aurkitu genituenean, erakusketan Asier Mendizabalen lanak pisu handia hartu zuen. Gainera, bosgarrenaren zalantzaren ondoren eta seigarrena ikusi gabe geratu ginela konturatzean, harrituta geratzeko modukoa zen artistari emandako lekua.

Mendizabalek aurten Madrilgo Reina Sofia museoan erakutsitako lan asko daude Venezian: Hard Edge izeneko parea Giardiniko erakusketa nagusian; sail bereko beste bat Arsenalen, Benta Haundi lanarekin batera; Soft Focus Arsenaleko lorategiko areto intimo batean; beste lan bat Oscar Tuzonek eraikitako pabiloi batean, Giardiniko lorategietan; eta azkenik, beste bat Song Dong artista txinatarrak Arsenaleko sarreran eraikitako pabiloi handiaren goiko gelan; sarrera itxita zegoenez, ez nuen ikusterik izan.

Duen modulu izaerak hainbat tokitan kokatzeko aukera ematen dio Hard Edge-ri. Esertzeko bankuen itxura dute, eta, seguru asko, ez esertzeko eskatzen duen txartela ondoan ez balute, jendeak atseden hartzeko erabiliko lituzke, Madrilgo erakusketan gertatzen zen moduan. Gainera, esertzeko debekuak indarra kentzen dio artelanari. Zutik jarriz gero Oteizaren 1953ko Preso politiko ezezagunaren monumentua gogorarazten duten objektuak esanahia aldatuta azaltzen dira, eta diseinu objektu bihurturik.

'Par movil'-en bertsioa

Tentsio handia sortzen du Oteizak Benta Haundin (Tolosa) errepide ondoan jarri zuen Par movil eskulturaren bertsioarekin. Benta Haundi eskulturan Mendizabalek Txabi Etxebarrietaren omenez Oteizak egindako eskultura aztertu du. Zementu gaineko oinarri baten gainean eskulturaren silueta jarrita, argi baxu baten bidez horman itzal bihurtu du, eskulturaren argazkien gainean proiektatuz. Ariketa konplexua eskatzen digu Mendizabalen lanak; batetik, Euskal Herrian onartu samarrak dauzkagu —barneratuta ez esatearren— abangoardien proposamenetik datozen forma ikerketak; bestetik, forma hauek «gure» egitean, karga sinboliko handiz bete ditugu, hildako baten omenezkoa izan daitezkeelako adibidez .

Bestalde, Soft Focus ondo kokatuta dago, Arsenaleko lorategien bukaeran dauden gela txiki eta isiletan. Sigfrido Koch argazkilariaren San Telmo museoko bilduma etnografikoaren argazki lausotuak eta kolore epelekoak bata bestearen atzetik proiektatzen dira hormaren kontra, mahaietan dagoen esku orri batek proiektuaren azalpenak ematen dituen bitartean. Berriz ere Mendizabalen lanak euskalduntasunaren ikurrak izan daitezkeen objektuak eta argazki berezien bidez ematen zaien itxura nostalgiko eta mitikoaren arteko tentsioa aztertzen du. Formak edukiak mitologizatzeko duen ahalmenaren hausnarketatzat har daitezke artista ordiziarraren Veneziako lanak.

Azkenik, zailago da jakitea Mendizabalen lanak beste artistek prestatutako oinarri edo euskarriekin izan duen harremana. Oscar Tuzonek Giardinietan eraikitako hormigoizko egituran ez zen erraza asmatzea Mendizabalek zer egin zuen, Ida Ekblad norvegiar artistarekin batera baitzegoen. Song Dong txinatarrak eraikitako etxearen gainean jarritako egituran, aldiz, beste hiru artistarekin omen zegoen Mendizabalen lana, baina sarrera debekatzen zuen katea aurkitu genuen eskailerak igotzeko asmoa azaldu bezain pronto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.