Literatura

Askatasunaren itsutasuna Octavia Butlerren arabera

'Kindred' nobelan esklabotzak orainaldian duen eragina aztertzen du Pasadenako idazleak, galerak eta trauma gainditzeko zurien eta beltzen arteko desberdintasunak, alboratu eta ahaztu beharrean, aintzat hartu behar direla aldarrikatuz.

AEBetako plantazio bateko esklaboen irudi bat. BERRIA / BERRIA.
estibalitz ezkerra vegas
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Generoei buruzko eztabaida aspaldikoa da literatur munduan. Generokotzat jotzen da goi-literatura dei genezakeen kategoriatik kanpo dagoen literatura, genero beltzeko nobela, esaterako, baina sailkapen hori nahiko arbitrarioa da, izan badirelako goi-literaturatzat har daitezkeen generoko lanak. Are gehiago, goi-literatura kategoria bera arras problematikoa da, Mendebaldeko ikuspuntua izan dena —Matthew Arnold eta T.S. Eliot izango genituzke haren ordezkari nagusi;lehenengoaren Culture and anarchy giltzarri da goi-kulturaren teorizazioan— ordezkatzen duelako: goi-erdi mailako klasearen kide den gizonezko zuriaren ikuspuntua, alegia. Beste arazo bat planteatzen du aipatu sailkapenak: lan bat generokoa izendatua den unetik, formak edukiaren irakurketa baldintzatzen du. Formak edukian eragina izan badu, baina horrek ez du esan nahi eragin hori negoziatu —harekin jolastu, mugara eraman, gainditu— ezin denik. Aitzitik, lan baten balioa negoziazio horren arabera —arrakastatsua den ala ez— neurtu ohi dugu. Bestalde, generokotzat jotzen den lanaren egileak «idazle» izateari uzten dio «genero-jakin-baten-idazle» bihurtzeko.

Izendatze tiraniaren biktima, hots, genero-jakin-baten-idazle bihurturiko idazlearen adibide argia dugu Octavia Butler (Pasadena, Kalifornia, AEB, 1947-Washington, AEB, 2006). Zientzia-fikziozko nobelen idazle moduan igaro da historiaren analetara, nahiz eta bere lanak zientzia-fikzioa baino askozaz gehiago diren. Afrikar amerikarren esperientzietatik abiatuta historia alternatiboa proposatzen dute bere lanek, orainaren konplexutasuna agerian utziz. Tamalez, bere lanetatik bakar bat bera ere ez dago euskaraturik. —Gazteleraz, Bloodchild ipuina eta Xenogenesis zein Parables trilogietako nobelak irakur daitezke; bere lan gehienak itzuli dituzte frantsesera—.

Kolorearekiko itsutasuna

Humanismo liberalaren eta haren fruitu den multikulturalismoaren kontrako kritikak ugaritu egin dira azken hamarkadetan. Berdintasuna du aldarri humanismo liberalak, baina azaleko berdintasuna da hura, ez baita arazoaren muinera —ezberdintasuna eragiten duten faktoreak— joaten komenigarria ez zaiolako. Helburua, izan ere, ahalik etagizarte uniformeagoa, zuriagoa —balioei begira— lortzea da. Ingelesez, muturreko berdintasunari colorblindness esaten zaio, hots, kolorearekiko itsu, kolorea bereizteko ezgai izatea. Arraza eta klasea estu loturik daude—Stuart Hallek esaten duen bezala, arrazaren bitartez bizi da klasea—, baina itsu denarentzat ezberdintasunik ez da existitzen. Butlerren Kindred (1979; frantsesez Liens de sang, 2000) nobelak ezin hobeto azaltzen ditu itsutasun/keria mota horren ondorioak AEBen eta esklabotzaren testuinguruan.

1976. urtea da, Los Angeles. Dana izeneko emakume beltz gaztea eta bere senarra —zuria—, etxez aldatu berri dira. Liburuak kutxetatik atera eta apaletan jartzen ari dela, Danak konortea galtzen du eta bere onera etortzen denean bera dagoen tokitik gertu mutiko zuri bat lakuan itotzear dela ikusten du. Amaren garrasiek erakarrita mutikoaren aita azaltzen denean eskopeta eskuan, Dana ohartzen da okerreko tokira eta garaira garraiatua izan dela. XIX. mendeko Marylanden dago, eta erreskatatu duen mutikoa plantazio jabearen semea da. Mutikoaren aitak atxilotua izan baino lehen, Dana 1976an da berriro, Los Angelesko apartamentuan. Danak beste hiru bidaia egingo ditu iraganera, eta haietako batean senarra izango du lagun. Prozesu horretan, lakuko mutikoa, Rufus, bere arbasoa dela jakingo du. Izan ere, Rufusen eta Alice izeneko neskato beltzaren semea da bere birramonaren amaren aita.

Nobelak aurrera egin ahala, eta plantazioko egunerokotasunean murgiltzen den heinean, Danak esklabotza sistemaren nondik norakoak ezagutuko ditu, nola jabe / esklabo rolak modu konpultsiboan jokatzearen ondorioz, zerbait naturala bilakatzen diren. Logika horri jarraituz, Rufus haurra, Danarekin hain goxo zena, Rufus heldu doilorra bilakatuko da, sexu grinak jota libre jaiotako Alice esklabo bihurtuko duena. Eta esklaboen seme-alabak, txikitan modu inozentean esklaboen salerosketara jolasten ziren haiek, esklabo bihurtuko dira.

XIX. mendera bidaiatu aurretik, Dana erabat kezkatuta dago afrikar amerikarren arazoekin. Kezka horiekin bat dator senarra, baina berea jarrera askozaz baikorragoa da. Bidaiak, baina, arazoaren sakontasuna begi aurrean jarriko die. Esklabotzak errotik aldatu zuen beltz eta zurien arteko harremana, eta barkamenaeskatzeak ez du iragana aldatzen lagunduko. Aitzitik, zuri eta beltzen arteko ezberdintasuna aintzat hartzea ezinbestekoa da, galerak eta trauma gainditzeko. Marylandeko esperientzia gogorragoa da Danaren senarrarentzat, zuria den aldetik. Emazteari XIX. mendera egindako hirugarren bidaian laguntzen dionean, zuria izatea benetan zer den ohartzen da: askatasuna hitzaren zentzu hertsian, askatasun horren oinarria delarik beste batzuen jazarpena.

Foucaultek dio gatazka gune oro aztertu behar dela botereak nola jokatzen duen ulertzeko, baina argi esaten du oker handia litzatekeela gatazka horiek guztiak gatazka bera balira bezala tratatzea. Oker handia litzateke, hain zuzen, humanismo liberalaren atzaparretan eroriko ginatekeelako. Zuria ezin da beltz izan. Baina elkartasuna agertzea posible eta beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.