Zuzendaria: Todd Phillips. Aktoreak: Robert Downey Jr., Zach Galifianakis, Michelle Monaghan, Jamie Foxx. Herrialdea: AEB. Iraupena: 100 minutu.
Gontzal Agote
Bere gaztetasunean, zuzendari beterano samarra da Todd Phillips. Honekin sei dira orain arte egin dituen filmak, denak komedia generoaren barrukoak. Ibilbide nahiko apala, harik eta iaz goia jo zuen arte; The Hangover filma dibertigarria eta freskoa izateaz gaian, egundoko arrakasta komertziala ekarri zien zuzendariari zein aktoreei.
Ajea pasauta, patxada handiz itzuli da Phillips. Ezohikoa da eman duen hurrengo pausoa, ez da saiatu aurrekoaren formula bera errepikatzen -beharbada The Hangover 2 bidean dagoelako jada-, eta oso bestelako komedia egin nahi izan du. Horixe da Due Date honetan nabarmentzen den ezaugarri nagusia, presiorik gabe egindako pelikula dela argi geldituko da hasieratik, zuzendariaren apeta ia.
Komedia dela esan bai, baina horrekin batera road movie ere badela gaineratu behar da. Oso estatubatuarra den azpigeneroa, autoa hartu eta bidaia amaiezin batean abiatzea, horrelakorik askotan erakutsi digute AEBetan egindako filmek. Bi horiekin, beste bereizgarri bat ere badu Due Date-k: elkarren artean zeharo diferenteak diren pertsonaiena, halabeharrez elkar ulertzera kondenatuta daudenak. Hori ere askotan jorratutako gaia da, batez ere polizia bikoteen kasuan.
Hiru aldagai horiekin ibilgailua martxan jarri, Downey Jr. eta Galifianakis bidaide hartu eta abiatu du istorioa zuzendariak. Aktore izan nahi du pertsonaietako batek, AEBetan arrakasta handia duen telesail batean parte hartzea du amets. Eta, hain zuzen ere, telesail bat balitz bezala, ataletan banatu du bere protagonisten ibilbidea Phillipsek. Lotura ia bakarra bi protagonista nagusiena da, gainerakoan bidean gertatuko diren istorio txikiak dira Due Date-ren proposamena.
Ataltxo horien barruan hainbat sorpresa agertuko dira. Batetik, zuzendaria The Hangover-eko umore zuritik dezente aldenduko delako, eta ez-zuzentasun politikoaren eremu arriskutsuan sartuko. Hori guztia, gizarte estatubatuarrean pil-pilean dauden hainbat gai ekartzeko: Irakeko gerra, immigrazioa, eraso terroristen inguruko paranoia... Bestetik, zinema barneko hainbat genero bere eginen dituelako-akzioa auto istripuan edota ihesa Mexikoko atalean, esaterako-.
Argi dago Phillipsek nahi izan duen pelikula egin duela, ohiko eskema itxietatik kanpo, bitxia eta dibertigarria.
Askatasunaren komedia (3)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu