Musika

Askerock aurkeztu dute, musika eta elkartasuna uztartzeko jaialdia

Arabar preso eta iheslari askoren egoera salatzeko musika jaialdia izango da Gasteizen, urriaren 21ean. Willis Drummond, Esne Beltza, Riot Propaganda eta Mafalda izango dira, besteak beste.

Askerock jaialdiaren aurkezpena Gateizen. ASKEROCK
2017ko uztailaren 20a
13:19
Entzun

Gasteizko Mendizabalako aparkalekuan izango da, urriaren 21ean, Askerock elkartasun musika jaialdia. Errepresaliatuen egoeraz kontziente den gasteiztar talde batek sortu du musika eta aldarria uztartzen dituen jaialdi hori.

Helburu bat baino gehiago izango ditu: errepresioa jasaten dutenen salbuespen egoerak eta eskubide urraketak gizarteratzea; preso daudenei eta haien senideei elkartasuna adieraztea, eta sakabanaketak senide eta lagunetan eragiten dituen galera ekonomikoetan laguntzea.

Azken horri helduz, hainbat datu eman dituzte gaur Gasteizen eginiko prentsaurrekoan. Gaur egun, errepresioa jasaten duten 29 arabarrak, batez beste, etxetik 660 kilometrora daude. Horren ondorioz, familia batek 20.000 euroko gastua izan dezake urte bakar batean.

Antolakuntza taldeak azpimarratu du jaialdira "posible den proposamen askotarikoena" ekarriko dutela, ahalik eta jende gehiena biltzeko errepresaliatuen egoera salatzen. Besteak beste, Bad Sound, Willis Drummond, Esne Beltza eta Eskean Kristo izango dira joko duten Euskal Herritarrak. Kanpotik datozenen artean, Riot Propaganda, Txarango, Zoo eta Mafalda baieztatu dituzte.

Azken talde horren inguruan, nabarmendu dute emakumeen presentzia ere beharrezkoa dela. Horregatik, kontuan hartuta oraingoz talde bakarra dagoela, antolatzaileek horretan jardungo dute datozen asteetan.

Bestalde, Askerockek jadanik badu leloa eta kantua. Jaialdiaren leloa Ez gara libre izango haiek aske izan arte izango da. Abestia, berriz, Eskean Kristok egin du, eta datozen egunetan aurkeztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.