Maria Mur. Bilboko Consonni arte ekoiztetxeko kidea eta sinposioaren antolatzailea

«Asko interesatzen zitzaigun artistek hedabideetan esku hartzea»

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Arte publikoaren eta istorio kontakizunaren inguruko hausnarketa egingo dute hurrengo egunetan Bilbon Going Public-Telling it as it is? sinposioan. Maria Mur antolatzailearekin bildu da BERRIA, landuko dutenaren gakoak jakiteko.

Zer landuko duzue sinposioan, eta nola egingo duzue?

Ez da ohiko sinposio bat izango; izena mantendu dugu, esanahi etimologikoa interesatzen zitzaigulako. Elkarrekin egotearen eta ideiak eztabaidatzearen ideia interesatzen zitzaigun, baita kontzeptuak ospatzearen ideia ere, eta hori oso formatu ezberdinetan egin daiteke. Ez dugu ohiko hitzaldien bidez bideratuko, baizik eta artistek storytelling (istorio kontaketa) nola bideratuko duten ikusiko dugu. Ohiko sinposioaren egitura Artiumen egingo ditugun profesionalen topaketan mantenduko dugu gehiago, baina hori saio itxian izango da.

Zein artistek hartuko dute parte, eta zer egingo dute?

Hiru egun izango ditugu, eta egun bakoitzak formatu bat izango du. Lehenengo egun bietan artistak bertan izango dira. Bihar hasiko gara [gaur] Itziar Barrioren We Could Have It All (Dena eduki genezakeen) proiektuarekin, Arriaga antzokian. Anplifikazioarekin eta errepikapenarekin lotutako hiru fenomeno aztertuko ditu horren bidez. Alex Reynoldsen Boom lana ere izango dugu, Zabalbide kalean, lehen bideokluba zen lokal batean. Kanpoko soinuak barruan anplifikatzen eta egunekotasunari soinua jartzen saiatuko dira hiru efektistak. Azkenik, bihar Maria Ruidoren Electroclass filma ere ikusi ahalko da Berreginen Museoan eta ETB3n (22:00etan). Guretzat garrantzitsua zen Phil Collinsek eta Martha Roslerrek BERRIAn eta El Correo-n esku hartzearekin batera, Maria Ruidoren lana ETBn agertzea.

Artistek zergatik egin dituzte esku hartzeak hedabideetan?

Arte publikoaren inguruan hitz egitean, badirudi kalean egiten dena baino ez dela, baina arlo publikoan egiten den artea da, eta ideia horiek modu ezberdinetan plazaratzen dira. Komunikabideek ideiak zabaltzeko modua ematen dute, beraz asko interesatzen zitzaigun artistek hedabideetan esku har zezaten eta ez agertzeabakarrik ohiko berrien eta erreportajeen bidez.

Zer nabarmenduko zenuke Phil Collinsek BERRIAn egindako esku hartzeaz?

Asko poztu zen esku hartzea BERRIAn egin behar zuela jakinda; izan ere, berak euskaraz egin nahi zuen. Deitu nionean, esan nion kontakizunak berebiziko garrantzia zuela proiektuan. Normalean argazkiekin lan egiten du, baina argazkiak egunkarira ezer berririk ekarriko ez zuelakoan, bere lanaren inguruko gogoeta bat egitea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.