Arkitekturan doktorea da Jose Miguel de Prada Poole (Valladolid, Espainia, 1938). Iaz hartu zuen erretiroa Madrilgo goi mailako arkitektura eskolako irakasle gisa; hala ere, lanean jarraitzen du Madrilgo bere estudioan. Gaur Donostian izango da, Kristina Enea Fundazioak antolatu dituen Arkitekturak: film mintzairak jardunaldietan. Larrialdi egoeretan eta hondamendietan herritarrei ostatu emateko irtenbideak planteatzen ditu, egitura pneumatikoak tarteko. Erraz jar eta ken daitezkeen egitura arinak dira, aise lekualdatzeko modukoak. Horien eta beste hainbat lanaren inguruan ariko da San Telmo museoan, 19:30ean. Gero, John Boormanen The Emerald Forest filma eskainiko dute.
Noiz izaten da eraginkorra egitura pneumatikoak erabiltzea?
Larrialdi egoerez hitz egitean, beti berberak ditugu buruan, baina askotarikoak izan daitezke; erlijiosoak, esaterako. Israelitek larrialdi bat izan zuten piramideetan lanean ari zirela, egiptoarrek handik bota zituztenean. Izan daitezke momentuko hondamendiak ere; New Yorkeko Dorre Bikien erortzea, adibidez. Exodoak, populazio aldaketak gerragatik, lurrikarengatik... Fenomeno bakoitzak erantzun bat beharko du, inguruabarren arabera.
Egoera kritikoetarako bakarrik al dira erabilgarriak egitura horiek?
Nik planteatu ditudanen artean badaude jai girokoak ere; Instant City delakoa, adibidez. Une bateko ostatu bat izan zen Eivissan, ADI-FAD Diseinuaren Nazioarteko Kongresuan parte hartzeko izena eman baina deialdian sartu ez zituzten ikasle batzuentzat. Badira pneumatikoak ez diren egiturak ere. Paperezko etxebizitzen kasua da, baina horiek epe luzerako izango lirateke.
Eraginkorrak badira, zergatik ez dira asko erabiltzen?
Asko kontserbatu behar izatea da egitura pneumatikoen arazoa. Oro har, herrialde gehienetan iraunkorra eta sendoa den zerbaitekin lotzen dugu eraikuntza, eta horietan kontserbazioa epe luzekoa izaten da: tarteka itoginak dauden ikusi, pintatu, fatxadako hondatzeren bat konpondu... Gainera, industria-barne bat egitura pneumatiko batekin egingo bagenu, jendeak ez luke kontserbazioan esperientziarik izango. Arrakasta gutxi dute printzipioz, erakusketetarako eta abar ez bada.
Orain arte arazoei irtenbidea emateko egin diren egiturez zer diozu?
Normalean kanpadendekin konpontzen dira arazoak. Modu horretan, populazioa ez dago berejatorriko lekuan, eta ez du ostatu erakargarri bat. Horregatik eraikitzen dira horrelako egiturak, betiko lekualdatutako herri bat ez geratzeko. Kanpadenda batean zortzi edo bederatzi familia daudenez eta bizitza erosoa ez denez, euren aurreko ostatura itzultzen saiatzen dira, baliabide gutxiago izanda ere, euren etxea delako. Gurea den etxe bat nahi dugu, gure jabetza, gure gauzak.
Krisiaren ondorioz etxetik kanporatzen dituztenentzat, irtenbidea lirateke egitura pneumatikoak?
Printzipioz ez, krisi hau epe luzera begira delako. Baina ez horregatik bakarrik. Txabolen auzoetatik kaleratzen dituztenak hornituta dagoen beste txabola batera eramanda sentitu daitezke erosoen. Egitura pneumatikoek ez dute zentzu handirik etxebizitza baterako, sarbideak eta abar egitea oso konplikatua delako. 60ko eta 70eko hamarkadan, esaterako, immigrante ugari etorri ziren Madrilera, eta behin-behineko etxebizitza batzuk eraiki zituzten, jarri eta kentzeko prestatuta zeudenak. Euren txabolak baino hobeak ziren arren, bizilagunei ez zitzaizkien batere gustatu, eta arazo ugari egon ziren bizilagunen aldetik.
Urteak daramatzazu egitura pneumatikoak ikertzen. Izan al da aurrerakuntzarik arlo horretan?
Egia esan, egoera ez da asko aldatu. Materialetan eta horien prestaketan agian bai, baina oinarria lehengo berada, hau da, egitura pneumatiko bat une bateko arazoei irtenbidea emateko. Gero horri lotuta daude sarbideak, komunikazioak... Oso gauza oinarrizkoa ematen badu ere, konplexua da egitura pneumatiko eraginkor bat egitea.
Forma errepikakorren jatorria ikertu zenuen doktore tesian. Zer aztertu zenuen, eta zein ondorio atera zenuen hartatik?
Oso tesi konplexua da, eta gaur egun ere oraindik ez da ulertu. Zer da hiria? Forma bat, barruan beste forma batzuk dituena; hau da, barrutiak. Eta zer dira barrutiak? Forma bat barruan beste forma batzuk dituena; hau da, auzoak. Eta zer dira auzoak? Horrela jarrai dezakegu: etxebizitzak, logelak, altzariak... Konturatzen gara ahokatuta doazen forma horiek angelu zuzeneko egitura baten forma direla. Eraikuntzen oinarri guztiak angeluzuzenak dira, eta paretak bertikalak. Horrela egin da eraginkorrena delako, eta hoberena funtzionatzen duelako. Nik tesiarekin erakutsi nahi nuen ezin izango dugula horretatik ihes egin, ezta grabitatetik gabeko tokietan ere. Estazio espazialean kapsulak borobilak ikusiko ditugu, baina astronautak barruan ikusiz gero, espazio kubiko bat ikusten da.
Arkitektura munduan urteak emanda ere, ezjakintzat duzu zeure burua.
Dena dago ikertzeko. Arkitektura giza ekintzei ostatu emateko egiten da, eta ekintza horiek asko aldatu dira. Nik egunero zortzi edo bederatzi orduz ikasten jarraitzen dut, eta konturatzen naiz gero eta gehiago ikasiz gero eta gutxiago dakidala.
Zure obraren %5 soilik argitaratu dela diozu. Zer utzi duzu gordeta?
Artikulu pila bat idatzi dut, baina, ikasten eta idazten etengabe ari naizenez, argitaratu gabe geratu zaizkit. Estudioko mahaian 200-300 notatxo ditut, burura etortzen zaizkidan gauzekin. Notatxo horiekin eta gordeta ditudanekin, hurrengo hogei urteak lanpetuta emango nituzke.
Notatxo horietan dagoen ideiaren bat burutan ateratzeko asmorik baduzu?
Badut hiru milioi biztanlerentzako hiri bat, egitea posible dena. Gandhik zioen moduan: ura, zerua, hodeiak eta izarrak ez lirateke inorenak izan beharko, ezta lurra ere, sortu dituen Jainkoarenak direlako. Eraiki nahi izanez gero egiten den lehen gauza lurra erostea da, eta nik pentsatu dut lehen solairua lurretik 48 metrora duen hiri bat sortzea, eta azken solairua 350 metrora duena. Gainera, ekonomikoagoa litzateke, eta jende guztiak eskura izango luke parke bat, oso metro gutxira.
Jose Miguel de Prada Poole. Arkitektoa
«Asko kontserbatu behar izatea da egitura pneumatikoen arazoa»
Egitura pneumatikoen ikerkuntza eta sorkuntza jorratzen lehena izan da Espainian De Prada Poole. Etxebizitzaren eta gune publikoen inguruko proiektuak ere garatu ditu; horrekin batera, Madrilgo goi mailako arkitektura eskolako irakasle izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu