Euskal Herriko kale antzerki jaialdietanaitzindari, Lekeitiokoa erreferente izan da beti, plazaratzen dituen lanen kalitateari eta berritasunari esker. Orain 23 urte sortu zenean legez, Euskal Herriko eta Europa osoko lanik berritzaileenak eta ikusgarrienak ekartzen saiatzen da urtero. Imanol Agirre jaialdiko zuzendaria aurtengo jaialdiaren inguruan aritu da BERRIArekin.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jaialdiaz?
Guk beti egin dugu lan hiru norabidetan, eta horietako bat da nazioarteko jaialdia egitea. Hala, saiatzen gara Europan eta munduan dauden gauzarik berritzaileenak ekartzen, gure aurrekontuen arabera, jakina. Aurten Luc Amoros da jaialdiko apusturik sendoena. Bigarrenik, lan berritzaileak ekartzen saiatzen gara, oso gauza abangoardistak, Luc Amoros bezala, aldamio batean, pinturarekin, zuzeneko musikarekin... Horrekin batera, badaude beste gauza klasikoagoak, Zangoango adibidez. Hemen Trapu Zaharrak egiten duen bezala, fikzioa eta errealitatea nahasten du. Oso aukera zabala dugu. Azkenik, Euskal Herriko taldeak ere ekartzen ditugu beti, aurten espazio hori zabaldu dugu, ikus dadila taldeek plaza hori behar dutela. Matrioska, Gaitzerdi, Salitre, Hortzmuga... Kale antzerki mota horren alde egin dugu beti: berritzailea, desberdina, bisuala... Aurten ez dago jaialdiaren ekoizpen zuzenik, azken finean, herritik etorri zaizkigu. Lekeitioko talde biek nahi zuten estreinatu Lekeition. Lekittoko Deabruekin elkarlanean egon gara; Karkabiak, berriz, bere bidea egin du. Hori da Lekeitiok izaten duen bereizgarrietako bat, ekoizpen propioak egoten direla.
Euskal antzerki taldeek aurrekoetan baino leku nabarmenagoa izango dute aurten.
Ikusten ari gara zirkuitu asko ixten ari direla. Kale antzerkia diru publikotik bizi da, eta diru horretatik bizi behar dira konpainiak eta jaialdiak, babeslerik lortzea ia ezinezkoa delako. Kultur arloan diru publikoa zelan dagoen ikusita, ikusi genuen hemengo taldeek ez dutela aukera askorik eta horregatik zabaldu dugu espazio hori.
Ze irizpide dituzue taldeak eta ikuskizunak aukeratzerakoan?
Beti bilatzen ditugu lan berritzaileak, ez dugu betiko kale antzerkia, betiko eskujokoak eta ikuskizunak nahi. Gauza berriak, ezberdinak, ausartak nahi ditugu. Espazio eta askotariko galderak planteatzen dituztenak, hainbat arte diziplina nahasten dituztenak... Horretan tematzen gara taldeak aukeratzerakoan.
Imanol Agirre. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiko zuzendaria
«Askotariko galderak planteatzen dituzten lanak bilatzen ditugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu