Arte Ederren Museoan doan sar zitekeela jakin zuenetik, ahal bezain beste miatzen zituen bertako aretoak Ana Laura Alaezek, umea izateak ematen zion jakin-minak akuilatuta eta ogibidea izango zuena garatzeko lehenengo ereduak bereganatzen, nahigabe. «Artearekin lehenengo kontaktua Arte Ederren Museoan izan nuen», dio artistak. Gerora, jaioterriko museoa bisitatu ez ezik, osatu ere egin zuen zenbait artelanekin.
Alabaina, hogei urte igaroak ziren museoak Alaezen azken obra erakutsi zuenetik: Gaur, hemen, orain erakusketa hartu zuen 2001ean; 2021ean, berriro egin dute bat artistaren eta museoaren bideek. Bikoitza izan da harremanaren berreskuratzea: batetik, Alaezek dohaintzan eman die berriki Butterflies (2004) izeneko bideo pieza, eta beste ikus-entzunezko bat jarri dute ikusgai orain, Queer eramaileak: doblea eta errepikapena. BBVA Fundazioak lagundutako Multibertso bekari esker garatu du obra, eta museoko 32. aretoan bisitatu ahal izango da irailaren 5era arte. Gaur, 19:00etan, piezaren inguruan mintzatuko da Alaez: streaming bidez jarraitu ahal izango da hitzaldia.
Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaile Miriam Alzuriren iritziz, «kalitate handiko lana da, hala ikuspuntu bisualetik nola entzumenezkotik; heldutasunezko obra da, baina, era berean, bere lanean beti latente egon izan diren gaiak ere badaude». Azalpen horren adibideetako bat da formatua bera: izan ere, 1999an jorratu zuen Alaezek lehen aldiz bideoa, eta ordutik hainbatetan jo izan du euskarri horretara. «Bideoa jorratu izan dudan denetan, beti hurbildu izan naiz ezagutzen ez dudan zerbait izango balitz bezala». Hurbilketa horretan «diziplina ezberdinak erabiltzeko beharra» azpimarratu du artistak.
Horrenbestez, haren belaunaldiko artista asko bezala, Alaez ere formatu batetik bestera «igaro» izan dela azpimarratu du kontserbatzaileak, eta, hain zuzen, hori da, Alzuriren ustez, pieza berriaren oinarrian dagoen kontzeptua: igarotzea; ez soilik formatu artistiko batetik bestera, baita hiriko leku batetik bestera ere, eta, orobat, baita genero eraikuntza batetik bestera ere. Izan ere, queer teoria da bere karreran landu izan duen eta lan berrian ere txertatu duen beste gakoetako bat, Alaezek «genero estereotipoei erantzuten ez dieten pertsonak eta genero jariakortasuna» agertu baititu lanean, Alzurik azaldu duenez. Halere, Alaezen queer definizioa ez da genero adierazpenera mugatzen; bada, era berean, irizpide artistiko bat, orobat igaroan dauden pieza artistikoak taxutzekoa, artistaren arabera: «Ez da existitzen adierazpen itxi bat, aseezintasun konstante bat dago».
Dantza geldiezina
2019. eta 2020. urteetan grabatu zituen Alaezek pieza osatzen dituzten bideoak; koronabirusak lana oztopatu zion aurrena —sare sozialei esker bukatu ahal izan duela adierazi du—, eta aurkezpena atzeratu zuen ondoren, baina, azkenean, proiektatzen ari da dagoeneko: hamabost minutu eta erdi pasan, Bilbo, Mallorca (Herrialde Katalanak), New York (AEB) eta Japoniako hainbat leku agertzen ditu lanak. Bilboko etxe batean, etengabe erortzen eta jaikitzen ari da performer bat; Japonian, butoh dantzari bat ari da, geldiezin —AEBeek Japonian botatako bonba nuklearren ondotik sortu zen dantza estilo hori; «biziraute hutsa», Alaezen iritziz—; New Yorkeko kaleak patinetean zeharkatzen ditu andre batek...
Igaroan daude protagonistak, oro har. «Gelditzeko asmorik gabe. Gelditzerakoan, ispilu bat duzulako zure aurrean, ezjakintasuna eta krisia erakusten dizkizuna. Nire buruarekin adiskidetzen naiz bideo horren bitartez: ez dut ezer baztertzen, ezta erorketak ere». Aritzea, jauztea eta altxatzea, eta, hortik aurrera, zikloa berriro hastea, funtsean. «Piezan entzuten den abesti batek dio: ‘I can’t get away from myself’. Hau da, ezin dut neure buruarengandik ihes egin. Nire konplizea izan behar dut: erortzea ere bizitzaren parte da».
Pasarteak musika elektronikoaren bidez josi ditu Daniel Holc musikagileak —Ascii.Disko, ezizenez—. Eta, formatua edota queer teoria bezala, musika estilo hori ere ez zaio arrotza Alaezi. 1999ko lana musika klasikoarekin biribildu zuen, baina bi-hiru urte beranduago jada elektronikoa erabiltzen hasia zen, artistak adierazi duenez. «Izaera kasik narratiboa du: bideoan ez dago ahotsik, soilik musika eta isiltasuna. Musika ere euskarri esperimentala da, bideoa bezala. Musikak eta irudiak garapen paraleloa dute». Bere jaioterrira ere modu bikoitzean itzuli da Alaez, bere karrerako artelanak biltzen dituen erakusketa bisitatu baitaiteke Azkuna Zentroan: Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik.