Askotariko jazzari irekia

Bai jazzaren zaleak eta bai publiko zabalagoa erakartzeko moduko programazioa osatu dute Gasteizko 46. Jazzaldiaren antolatzaileek. Bihar hasi, eta larunbatera arte iraungo du

Silvia Perez Cruz kantaria, iaz, Frankfurteko (Alemania) liburu azokaren inaugurazioan. BORJA SANCHEZ-TRILLO / EFE.
iraia vieira gil
2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«Orekatua». Horrela definitu du Iñigo Zarate Gasteizko Jazzaldiaren presidenteak aurtengo programazioa. Askotarikoakizango dira festibalean arituko diren musikariak, antolatzaileek ere askotariko ikus-entzuleengana iristea izan baitute helburu. «Jarraitzaile espezializatua eta publiko orokorra pozik uzteko moduko egitarau orekatua osatzen saiatu gara». Jaialdian izango dira Chelsea Carmichael, Brad Mehldau, Silvia Perez Cruz eta Samora Pinderhughes, esaterako. Beste artista askorekin batera, bihar hasi eta hilaren 8ra bitartean hartuko dituzte Mendizorrotza kiroldegia eta Principal antzokia, eta, haien kontzertuez ez ezik, bestelako emanaldiez ere gozatu ahal izango da.

Adrian Royo Triok irekiko du jaialdia. Zaratek azaldu duenez, talde hori gonbidatuta, Arabako musikarien alde egin nahi izan dute. «Adrian oso musikari ona da. Miranda de Ebron (Burgos, Espainia) jaio zen, baina Araban bizi da, eta irakasle lanak egiten ditu hemen». Duela urtebete kaleratu zuen Pangea bere lehen diskoa, eta horixe aurkeztuko du bihar, Manel Fortia kontrabaxu jotzailearekin eta Gonzalo del Val bateria jotzailearekin batera. 20:30ean joko dute, Principal antzokian, eta modern jazz estiloa eta musika garaikidea landuko dituzte.

Chelsea Carmichael Quartet igoko da Principaleko oholtzara asteartean, ordu berean. Saxofoia jotzen du Carmichaelek, eta aurreko urtean ere Gasteizko Jazzaldian izan zen. Theon Cross konpositore eta tuba jotzailearekin batera aritu da hainbatetan, eta egungo jazz musikaren erreferente bihurtu da. Jazzaren soinu berriekin jolastea gustatzen zaio, eta Erresuma Batuko musika beltzak eragin berezia du sortzen dituen erritmoetan. «Musikari zoragarria da; jazza egiteko modua eraldatzen ari da», azaldu du Zaratek.

«Esklusiboenak»

Aurtengo Jazzaldian, emanaldi «bereziak» egingo dituzte hainbat musikarik. Asteazkenean, Moises P. Sanchez eta Marco Mezquida pianistek orain arte behin bakarrik interpretatu duten obra bat joko dute Principal antzokian. Va y ven da proiektuaren izena, eta Madrilen baino ez dute aurkeztu. Zarateren arabera, aski zaila izan da jotzera etor zitezen lortzea, eta uste du ez dutela kontzertu hori berriz emango. Emanaldi «esklusiboa» izango da, bakoitzak bere erara joko baitu pianoa, eta, nolabait, Herbie Hancockek eta Chick Coreak 2015eko Jazzaldian emandako kontzertua ekarriko baitute gogora.

Egun berean ariko dira Maria Schneider orkestra zuzendaria eta Oslo Jazz Ensemble, Mendizorrotzan. Schneiderrek bere azken albuma aurkeztuko du, Data Lords, zeinetan enpresa teknologiko handiek beretzat gordetzen dituzten datuen inguruko kritika egiten duen. Jazz arloko eta musika klasikoko Grammy sariak jaso ditu, eta New Yorkeko Jazz at Lincoln Center programan eta America Dance Festival jaialdian parte hartu izan du. Harena da aurtengo kontzertuen artean ikusmin handiena sortzen dutenetakoa.

Ostegunean, jada ezagunak diren hiru musikari izango dira Jazzaldian: Samora Pinderhughes, Brad Mehldau eta Immanuel Wilkins. Principalen arituko da lehena, 17:30ean; eta Mendizorrotzan izango dira beste biak, iluntzean. New Yorkeko jazz klasikoaren zale da Pinderhughes pianista eta abeslaria, eta haren kantek Poliziaren indarkeriaren aurka egiten dute. Mehldauk, berriz, The Art of the Trio diskoa kaleratu zuen 1997. urtean, eta ordutik erreferente handia bilakatu da jazzaren zaleentzat. Eguna amaitzeko, Wilkins saxofoi jotzaileak bebop soinuak eta erritmo klasikoak joko ditu. 20 urterekin sortu zuen bere lehen taldea, eta, 2020. urtean, haren Omega diskoa jazz arloko diskorik onena izendatu zuen The New York Times egunkariak.

Silvia Perez Cruz kantari kataluniarrak emango dio amaiera jaialdiari, Toda la vida, un día albumaren aurkezpenarekin. Perez Cruzek berak ekoiztu du diskoa, eta hainbat lekutan grabatu ditu abestiak: Buenos Airesen, Habanan eta Coatepec-en (Mexiko). Musikariak, gainera, zenbait sari jaso ditu: jatorrizko abestirik onenaren Goya saria 2017an; jatorrizko musikarik onenaren Max saria 2019an; eta Egungo Musiken Sari Nazionala 2022an. 20:30ean, Ariel Bringuez Quintetek joko du, eta haren ostean igoko da Perez Cruz oholtzara.

Bestelako eskaintzak

Motorrak berotzen hasteko, Jazza Kuadrillan ekitaldia antolatu dute gaurko, eta Escrichek, Gimenez Duok eta Javier Garaialdek Gasteizko Otazu Etxean joko dute, 20:30ean. Sarrera irekia izango da, eta ez da ordaindu beharko. Jazz klubak, gainera, asteartetik igandera egongo dira irekita, eta askotariko artistek hartuko dituzte gune horiek ere; ColectiBopek, NiFuMiFa Triok, The Versionesek eta Twin Roomek, adibidez.

Asteazkenetik larunbatera bitartean, gainera, beste hiru ekintza egingo dituzte: Jazz Up, Gauerdiko Jazza eta Jazza Kalean. Edder, Joyful Gospel eta Arimagazzek joko dute Jazz Up-en, 13:30etik 19:30era, Memoria plazan, Andre Maria Zuriaren plazan eta Mendizorrotzan. Aaron Diehl Triok jarriko du musika gauetan, eta Hip Horns Brass Collectivek jazz musikarekin beteko ditu kaleak.

Gainera, aurten, enpresentzat prestatutako hitzaldi zikloa ere egingo dute, lehen aldiz, Sormen Transferentziako Zentroarekin lankidetzan. Jazz for Innovation by Hidrilab izena dute, eta Manel Fortiak, Iñaki Salvadorrek eta Moises Sanchezek parte hartuko dute. Hitzaldietara joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da izena ematea. Bihartik ostegunera bitarte izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.