Tarrapatan, pandero baten ibilbidea. Hala du izena Xabier Berasaluze Leturia-ren lan berriak: panderoa jotzen astebetean ikasteko metodoa eta kontakizun ugari biltzen dituen liburua. Gaur aurkeztu du, Elkar argitaletxearen aretoan, Donostian. Pandero joleak adierazi duenez, inoiz lehenago landu ez duen arlo bat da idazkuntza, baina gogotsu dago eginiko lana zabaltzeko.
Korrontzirekin batera bira batean zebilela bururatu zitzaion panderoaren irakaskuntzari buruzko zerbait egitea, 2017ko udan. Udazkena iritsi bezain laster hasi zen buruan zituen pentsamenduak paperera ekartzen. Metodo bat egitea hauturik onena zela pentsatu zuen, eta bilduma horrek "laburra eta argia" behar zuela izan. Horretarako, panderoarekin egin ohi diren kolpeak izendatu, eta musikaren munduaz ezer ez dakien edonork ulertzeko moduko azalpenez osatu du liburua. Halaber, DVD bat ere gehitu dio lan berriari; hain justu, liburuan azaldutako urrats horien ulermena eta jardunbidea irudien bitartez laguntzeko.
Ez da, baina, azalpenez jositako lan soila. Garaian garaiko bizipenak, pandero jole gisa izan dituen ibilerak, trikitilarien munduko ohiturak eta bitxikeriak ere bildu ditu, abentura xelebre eta pasadizo gogoangarriekin batera. Hitanoz idatzi ditu pasarte horiek guztiak, eta bere bi panderoekiko elkarrizketa baten modura ekarri ditu liburura. Horretarako, pandero kutunak izendatu ditu: Kattun bat, eta Xarpa bestea. Hala, musika eta umorea uztartu ditu beste behin Leturiak, panderoarekin egin ohi duen bezala.