Atalak 2.0 egitasmoak urrats bat gehiago egin du, sormenetik ekoizpenera igarotzeko. 2017an sortu zuten proiektua Akitania Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdeko hainbat taldek —Malandain Ballet Biarritzek, Dantzaz-ek, Tabakalerak, Dantzaguneak, Gasteizko antzerki sareak eta Baluarte fundazioak—, eskualde horretako koreografoen eta sortzaileen lanari “balioa emateko” helburuz. Jatorriz, bi asteko sormen laborategiak eskaintzen zizkieten koreografoei, baina aurrerantzean sormen egonaldiak ere egingo dituzte. Horietan sortutako piezak biran eramango ditu Dantzaz konpainiak.
Martin Harriage dantzari, koreografo eta musikari baionarrak parte hartu du programaren estreinako aldian. Harriagek bost urte igaro zituen Israelen, eta, han izandako gogoeta batetik abiatuta, Walls (Harresiak) izeneko obra ondu du, mundu osoko mugetan dauden harresietan oinarrituz.
«Hiru euskal pilotari ikusi nituen han, palestinarrei irakasten murruaren kontra pilotan jokatzen», azaldu du. Irudi horrek harresien inguruko ikerketa bat egitera eraman zuen. Mundu osoan zehar dauden harresiak aztertu zituen, eta batean jarri zuen fokua bereziki: AEBetako presidente Donald Trump herrialde horren eta Mexikoren artean eraikitzen ari den murruan. Hain zuzen, Trump erabili du inspirazio iturri gisa obra sortzeko, eta, preseski, haren ahotsarekin muntaketa bat eginez osatu du musika.
Oholtza gainean, murruak
Koreografoak azaldu du oholtza gainean «irudiak, fotogramak» ikusiko direla. Horiekin dramaturgia sortuko du, «istorio bat, baina dena esan gabe». Hamar dantzari igoko dira oholtzara, eta taula gainean jarriko dituzten oholekin jokoan arituko dira; taulek murruak irudikatuko dizute. Horrek zailtasuna erantsi dio lanari, Julen Rodriguez dantzariak aipatu duenez: «Gu lurrean dantzatzera ohituta gaude, baina, oraingoan, oholetan igo, eta horiek mugitu beharko ditugu». Alde horretatik, Harriagek esan du gustatuko litzaiokeela pieza harresietara eramatea eta han dantzatzea, baina harresien tamainak «ezinezko» egiten du horietara igo eta dantzatzea.
Harriagek adierazi du obra «politiko eta poetikoa» dela emaitza. Lana bihar estreinatuko dute, 20:30ean, Tafallako kulturgunean. Ondoren, Dantzaz-ek biran emango du pieza. Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak jakinarazi duenez, aurrera begira ekoizpen egonaldi bat egingo dute urtero, baina jarraituko dute sormen laborategiak ere eskaintzen; urtean hiru.