Atea etorkizunerantz irekiz hasi nahi izan dute aurtengo Mostra Venezian

Irailaren 10era bitarte, 73 film luze, hamasei labur, bi telesail eta izar jario etengabe bat eskainiko ditu Veneziako 79. Zinema Jaialdiak

Noah Baumbach zinemagilearen White Noise filmeko irudi bat. BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Noah Baumbach zinemagilearen White Noise filmarekin inauguratu zuten atzo Veneziako 79. Mostra, eta 73 film luze, hamasei labur, bi telesail eta hiria beteko duen izar jario esanguratsu bat ere eskainiko ditu aurrerantzean, irailaren 10era bitarte. Veneziakoa da munduko zinema jaialdirik zaharrena, eta proiekzioa hasi zuten momentuan bertan bete zituen 90 urte atzo, baina bere burua etorkizunera begira kokatzeko era bat ere izan zen. Izan ere, zinemagintzaren iragan loriatsua ospatzeaz haraindi, egun nagusituz doazen ikus-entzunezko plataforma digitalei ere zinemaren festa nagusiko ate nagusia zabaltzeko modu bat ere izan zen atzokoa. Don DeLilo idazlearen izen bereko nobelan oinarritu baitu bere filma Baumbachek, eta Netflix plataformak banatu baitu. Ezinbestean, ur nahasi horietan baitoaz zinema jaialdiak azkenaldian, eta zer esanik ez, zinema jaialdi hori Veneziakoa bada.

Proiekzioak heltzerako ere, ohi denez, hasiak dira kinielak hedabide espezializatuetan, eta Luca Guadagnino zinemagilearen Bones and all filma da egunotan gehien aipatzen dabiltzan lanetako bat, Timothee Chalamet aktorearekin filmatutakoa. Kanibalismo tanta batzuk ere badituen maitasun istorio bat. Eta zerrenda horren parte dira Marilyn Monroeren figurari eskainitako Andrew Domik zuzendariaren Blonde eta Alejandro Gonzalez Iñarrituren Bardo, falsa crónica de unas verdades ere.

Julianne Moore aktore estatubatuarra izango da Sail Ofizialeko epaimahaiko burua, eta lan horretarako kide izango ditu, besteak beste, Rodrigo Sorogoyen zinemagilea eta Kazuo Ishiguro idazlea. Guztira, 23 filmen artean egin beharko dute hautaketa.

Aldarrikapenen tartea

Ohi duenez, ohorezko bi Urrezko Lehoi ere emango ditu jaialdiak aurten. Catherine Deneuve aktore frantziarrarentzat izango da haietako bat, eta Paul Schrader estatubatuarrarentzat bestea.

Uztailean aurkeztu zuen jaialdiaren programa Alberto Barbera zuzendariak, eta aurkezpen hartan argi utzi zuen aurtengo festibalak izango zuen kutsu aldarrikatzailea ere. «Esan ohi da zinema jaialdiak munduari zabaldutako leihoak direla, eta agian gehiegitan baliatutako ideia bat izango da, baina egia da leiho horretatik gustuko ez ditugun gauzak ikusten ditugula».

Eguna eskainiko diote, esaterako, Ukrainako zinemagintzari irailaren 8an, eta esanguratsua da Jafar Panahi zinemagile irandarraren presentzia ere Sail Ofizialean. Mohamad Rasoulof eta Mostafa Ale Ahmad zinemagileen atxilotzeak salatzeko antolatutako protestetan parte hartzeagatik kartzelatu zuten Panahi, uztailean, baina Kehrs nist filma aurkeztuko du jaialdiko sail nagusian.

Kim Ki Duk-en azkena

Bada polemikarako tarterik ere Sail Ofizialean bertan. Kim Ki Duk zinemagile korearrak hil aurretik ia bukatuta utzi zuen Call of god filma ere izango da Urrezko Lehoia jasotzeko lehian. Koronabirusaren eraginez hil zen zinemagile ezaguna, eta haren lagunek bukatuta heldu da jaialdira. Sexu abusuak egin izana leporatuta epaitzen ari zirela hil zen.

Dirdiraren itzulera ere irudikatzen du aurten Veneziak. Osorik beteko ditu publikoak aretoak, eta maskararik ez da beharko. Gainera, nabarmena da antolatzaileek izarrak jaialdira erakartzeko egindako esfortzua ere, eta, iragarri dutenez, zaleek aktore eta zuzendari garrantzitsu ugari ikusi ahalko dituzte bertatik bertara Venezian egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.