Pixkanaka motorrak berotzen ari da Tabakalera. Arratsaldeko 16;45ean irekiera instituzionala deitu dutena egin dute. Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariaz gain, Iñigo Ukullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatua eta Jon Montero arkitektoa izan dira hizlari. Goizean eraikinak hartuko duen lehen erakusketa aurkeztu dute: Ikus-entzunezkoaren aldiriak: Inguruak marrazten duten puntuak eta Apologia / Antologia proiektua aurkeztu dute eta eraikina erakutsi diete hedabideei.
Garai batean tabako fabrika izandakoak arte garaikideko zentro bilakatuta zabalduko ditu ateak. 37.000 metro koadro dauzka eta TAbakalera kultur proiektuaz gain, beste zenbait erakunde eta ekimen pribatu ere hartuko ditu; kafetegi bat, jatetxe bat eta hotela ere izango ditu, besteak beste.
Tabakalerak kultur proiektua izango du ardatz; sortzaileen gune izateaz gain, erkarlan eta harremanetarako lekua eskainiko zaie eragile zein hiritarrei. "Kultura-ekosistema" deitzen duten horren kide izango diren erakundeak honako hauek izango dira: Etxepare Euskal Institutua, Zine Euskadi, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazioa.
Proiektu kulturalak lau ardatz izango ditu, eta eraikinak izango dituen bost solairuetan banatuko dira espazio nahiz kokapen "aldakor eta malguen" bitartez. Praktika Artistiko Garaikideak izango dira Tabakaleraren oinarri nagusietako bat, nagusiena akaso. Tabakalerak orain hasiko duen fasean, praktika garaikideen inguruko lan ildoak sustengua eskainiko dio sortzaile-ehunari, lanerako espazioen eta egonaldi programen bitartez. Era berean, tokiko artisten eta atzerrikoen arteko elkarrizketa eta zubiak indartuko ditu.