Etxepare Institutuak Donostiako egoitzaren ateak zabaldu dizkie komunikabideei gaur goizean. Ordu batzuk lehenago Institutuko patronatua bildu da bertan eta hurrengo urterako hiru milioi euroko aurrekontua onartu du. Halaber, Mari Jose Olaziregi literatur kritikaria aurkeztu dute Institutuko Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendari gisa.
Prim kalean dago egoitza, eta "euskararen eta euskal kulturaren etxea" izango dela adierazi du Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak; "euskal ekoizpen kultural guztiak du tokia etxe honetan: euskaraz egiten denak, gaztelaniaz egiten denak eta hizkuntzarik ez duenak". Alde horretatik, kultur eragile guztiekin elkarlanean aritzeko bokazioa du erakundeak. "Gu bitartekariak baino ez gara, euskara eta euskal kultura mundura zabaltzeko, eta mundua euskara eta euskal kulturara gerturatzeko".
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi du euskal gizarte osoaren ordezkaria izan nahi duela Institutuak, "ideologia, sentsibilitate eta diziplina artistiko guztietako jendea harro eta eroso sentituko den etxea izan nahi du".
Bit&Mina enpresak landutako irudi korporatiboa ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian.
kulTURA
Ateak ireki ditu Etxepare Institutuak
Mari Jose Olaziregi literatur kritikaria izendatu dute Euskararen Sustapen eta Zabalkunderako zuzendaria. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariaren arabera, "euskara eta euskal kultura mundura zabaltzeko, eta mundua euskara eta euskal kulturara gerturatzeko" da institutua. Donostian dute egoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu