Atmosfera elebiduna

Dientes de Luna taldeak lan berria ondu du: 'Atmosfera'. Martxoaren 9an egingo dute zuzeneko estreinaldia, Bilboko Azkena aretoan

Dientes de Luna taldeko musikariak, atzo, Bilbon Atmosfera laugarren lana aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gernikan sortu zen taldea, eta, eremu euskaldunean hazi eta hezi diren arren, gazteleraz kantatu dute orain arte Dientes de Luna taldeko kideek —hirugarren laneko Gezur eta Laino kanta da salbuespena—. Ondu duten lan berriak, ordea, hizkuntzan du berritasun nabarmenena: elebiduna da. Izenburutik hasita, bietara, euskaraz nahiz gaztelaniaz berdin idatzi zein ahoskatzen den berba bat aukeratu dute diskoa izendatzeko: Atmosfera (Baga Biga, 2019). «Euskararen eta gaztelaniaren arteko hitz joko horrekin jolastu nahi izan dugu izenburuan», dio Aimar Cid taldeko abeslariak. Eta, izenburutik harago, bi hizkuntzen arteko oreka mantendu dute kantuetan. Erdi eta erdi: hiru abesti gazteleraz, beste hiru euskaraz. Eta diskoa «borobilduz», zazpigarrena. Diskoaren izenburu bera du azkenak, eta instrumentala da guztiz, ahots bakoa. «Kremailera gisa jarduten du azken kantak; horrekin, diskoa guztiz zarratuta geratzen da guretzat», azaldu du Cidek.

Laugarren lana dute Atmosfera, eta, hizkuntza moldea aldatu badute ere, hirugarren lanaren «jarraipen natural» gisa ulertzen dute lan berria. Izan ere, Utopista aurreko diskoaren aurkezpen biran zirelarik hasi ziren hurrengoa prestatzen.«Utopista sortu genuenean, bagenekien bigarren zati bat edo jarraipen bat izango zuela. Aurkezpen biran ginela hasi ginen hurrengoaren kantak konposatzen». Jarraipenaren adierazle gisa, estiloaz mintzatu dira: rocka dute argitaratu dituzten lau lanen lotura, baina beste zenbait estiloren zertzeladak ere nahasten dituzte. «Rocka da gure musikaren oinarria, baina ukitu modernotxoak gehitzen dizkiogu». Popa, funka eta baladak aipatu ditu Cidek. Eta beste bat ere erantsi dio Lander Egia baxu jotzaileak: «Gure zuzenekoen energia dela-eta, nik punka gehituko nuke». Taldekide guztiek barre egin dute, parean eserita.

Izan ere, atzo aurkeztu zuten lana taldekideek, Bilboko Bira kulturgunean. Agerraldian ziren gaur-gaurkoz taldea osatzen duten sei kideak: Aimar Cid abeslari eta gitarra jotzailea, Unai Bilbao gitarra jotzailea, Joseba Mugartegi bateria jotzailea, Lander Egia baxu jotzailea, Gorka Etxebarrieta gitarra jotzailea eta Amaiur Zugadi abeslaria. Aipaturiko azken biak Atmosfera-n aritu dira estreinakoz taldearekin.

Eta, diskoarekin batera, kantetako batenbideoklipa aurkeztu dute (Orratz galduak). Zugadik balada horren inguruko hausnarketa egin du: «Denbora da egungo arazo nagusia; abestiak dioen bezala, orratzak galtzen dira». Kuraia izan dute doinuetarako inspirazio iturri, eta Koldo Gezuraga bertsolariarekin elkarlanean sortu dituzte hitzak. Paradoxa ala metafora, baina euren buruaren isla da kantua, taldekideen iritziz. «Gu ere horrela ibili gara; denbora izan da prozesuaren zentroa. Hala ere, arin baina gustura aritu gara», aitortu du Zugadik. Barrenetik sortu dutela dio Cidek: «Era poetikoan, gutako bakoitzak duguna atera nahi izan dugu. Metafora ugari erabilita, zuzen esan gabe, nola sentitzen garen esaten dugu».

Zuzenekoen indarra

Estudioko lanaz ez ezik, zuzenekoei buruz ere mintzatu da Egia. «Guk zuzeneko taldea gisa ikusten dugu geure burua; plazetako talde bat gara. Oholtzan gaudela, energia eta rockaren muturreko ukitu basati hori ere gehitzea gustatzen zaigu». Taldea zuzenean ikusteko lehen aukera martxoaren 9an izango da, Bilboko Azkena aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.