Atom Rhumbak eta El Columpio Asesinok joko dute Jazpana Fest jaialdian

Ainara Legardon, Willis Drummond eta Los Tiki Phantoms ere ariko dira urrian Beasainen izango den festibalean

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Giro handiko asteburu luzea izango da urriko azkena Beasainen (Gipuzkoa). Musikak hartuko du herria ostiraletik astelehenera bitartean, Jazpana Fest Rural Postmoderm Festival jaialdia lau egunez egingo baitute, azaroaren 1a jaieguna dela baliatuta. Egitarau oparoa atondu dute urriaren 28, 29, 30 eta 31rako. Hiru egunez egingo dituzte kontzertuak, jaialdiaren hirugarren urtemugarekin bat eginez. Eta mota askotako taldeak arituko dira festibalean, hala nola El Columpio Asesino, Ainara Legardon, Atom Rhumba, Guadalupe Plata, Los Tiki Phantoms, Willis Drummond, La Celula Durmiente, Grises, Continuo Renacer, Fiachras, Los Teplasticos, The Nekrobabies, Lost Chords, Cuarto de Hora... Kontzertuen ondotik, disko jartzaileen emanaldiekin luzatuko dute festa.

Ohikoa dutenez, kontzertuez gainera, hainbat ekitaldi egingo dituzte. Argazki maratoia, Guitar Hero deritzon lehiaketa, 3x3 saskibaloi txapelketa eta skate lehiaketa, beste batzuen artean. Azken egunean, urriaren 31n ez dute kontzerturik egingo. Film laburren emanaldia antolatu dute egun horretarako. Eta ondoren egingo dute Jazpanaokea izendatu duten karaoke berezia.

Historia handiko jaialdia

Historia duen jaialdia da Jazpana Fest. Antolatzaileek diotenez, garai batean Beasain eta inguruetako gazteak baserritik herriko plazara joaten ziren, musika entzun orduko. Musikarien doinu eta erritmo zoroekin dantzan hasten ziren artikulazio guztiak hautsi arte. Jazz Band zuten izena musika talde horiek, baina herriko hizkeran jazpana gisa hasi ziren ezagunak egiten.

Mende baten ondoren, Beasain eta inguruko gazte gehienak ez dira baserrian bizi, eta musikarekin bestelako harremana dute. Baina, nahiz eta herriko plaza idiliko hura gertuago duten, askoz urrunago sentitzen dute. Eta Jazpana jaialdiaren bidez herriko plaza harremanak sustatzeko, dantzarako eta musikarekin gozatzeko gune gisa berreskuratu nahi dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.