Arte eszenikoak

ATX konpainiaren '7ak bat' obrak irabazi du XX. Donostia Antzerki Saria

Lan hori izan da, epaimahaiaren ustez, antzerki konpainia profesional batek euskaraz eta helduentzat iaz taularatutako antzezlanik onena. Martxoaren 27an jasoko dute saria, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta lana han bertan ikusteko aukera izango da jarraian.

'7ak bat' antzezlanaren eszena bat. ATX KONPAINIA
Ainhoa Sarasola.
2020ko otsailaren 24a
12:21
Entzun

Zazpi bekatu kapitalen ideian oinarrituta, gizakiaren gaiztakeriari buruzko «satira ausart, fresko eta dibertigarri» bat saritu nahi izan du Donostia Antzerki Sariaren aurtengo epaimahaiak: 7ak bat antzezlana. Konpainia profesional batek euskaraz eta helduentzat iaz taularatutako lanik onena horixe izan zela ebatzi dute epaimahaikideek, eta, horrenbestez, ATX konpainiari egin diote aitorpena sariketaren XX. edizioan. 12.000 euro eta Amable Ariasen artelan bat jasoko ditu taldeak. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute sari emate ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean; ondoren, antzokian bertan emango dute antzezlana.

Epaimahaiaren ustez, antzezlana sorreratik bertatik da «berezia», antzezleek elkarlanean sortu dutelako; hori obran sumatu egiten dela, eta «sinesgarritasuna eta indarra» eman dizkiola iritzi dio. «Antzerki lengoaia bikaina» dela ere nabarmendu du epaimahaiak: «Izan ere, lanak lortzen du ikuslearengana iristea, taula gainean oso baliabide gutxi izan arren. Eremu eszenikoa biluzik ageri da, eta, tramankulu bakar bat erabilita, erabateko transmisioa lortzen du. Horretan, noski, hiru aktoreen lana goraipatzekoa da». ATX konpainiari obra horrekin hartu duen «arriskua» ere txalotu dio, ekoizpen «ezohikoa eta desberdina» taularatu duelakoan.

Iñigo Aranburuk (Euskal Aktoreen Batasuna), Maider Galarzak (EHAZE), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñuxek (AISGE), Arantzazu Fernandezek (antzerki-kritikaria) eta Harri Belokik nahiz Edurne Soraluzek (publikoaren ordezkariak) osatu dute aurten epaimahaia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.